Goiuri Zabaleta ez da Nafarroako Foru Komunitateko txapelketaren finalean izanen

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 27a, 20:00

Galeano, Goiuri Zabaleta leitzarra, Etxegarai eta Aldai, aurreko jaialdi batean. Bi bikoteak galtzaile suertatu ziren finalerdietan.

Gazte mailan, aldiz, ekainaren 9an Labriten jokatuko diren finaletarako sailkatu da Alize Sagardui goizuetarrak

Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketak ezagutzen ditu dagoeneko Labriteko ekainaren 9ko finalak jokatuko dituzten pilotarien nortasuna. Onintza Galdos-Naia Zelaia eta Alize Sagardui-Uxue Gómez gazteetan, June Urrutikoetxea-Amaia Zarrabeitia eta Lide Murua-Amaia Arrastia promesetan eta Garai-Erasun eta Arraiza-Gaminde eliteetan, izango dira zuriz janzteko ohorea izango duten pilotariak, Altsasun eta Burlatan larunbatean jokatutako jardunaldi bikoitzaren ondotik. Bi pilotalekuetako giroa ezin hobea izan da, eta elite mailako pilotarien maila bikainaz harago, agerian geratu da gazteenak ere gogor jotzen ari direla.

Elite mailan, Aizane Ibarrolak ezin izan zuen Altsasuko finalerdian parte hartu, bezperan ukalondoan kolpe handia jaso ondotik. Arraiza izan zen bere ordezkoa eta bikain ordezkatu du, finalerako txartela lortuz. Arraizak eta Gamindek 22-13 irabazi zieten Etxegarai-Aldairi, Enara Gamindek beste behin egungo atzelaririk onena dela berretsi zuen partidan. Amaia Aldaik ahal izan duena eutsi zion, baina Etxegarik, aldiz, ez zuen bere egunik onena izan.

Elite mailako beste finalerdian, Leire Garaik bere lehiakortasuna eta sasoi bikaina inposatu ditu, Erasun oso sendo batekin batera, Goiuri Zabaleta leitzarrari eta Galeanori 22-18 irabazteko. Zabaleta gazteak ez du bere txapelketa bikaina garaipen batekin borobiltzerik izan.

Gazte mailako lehen finalerdian, Alize Sagardui goizuetarrak eta Uxue Gomezek 18-3 irabazi zieten Ezki Araztiri eta Ainhitze Arratibeli eta bigarrenean, Onintza Galdosek eta Naia Zelaiak 18-5 irabazi zieten Intza Arrutiri eta June Zabalari. Hortaz, Sagardui eta Gomez, Galdosen eta Zelaiaren kontra ariko dira finalean.

Finalek erakargarri izateko osagai guztiak dituzte eta giro aparta espero da ekainaren 9an, 11.30etik aurrera, Iruñeko Labriten jokatuko den jaialdirako. Jaialdia zuzenean emango du Navarra Television kateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun