Nafarroako Bertso Eskolen Eguna ospatuko dute maiatzaren 26an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 21a, 10:00

Nafarroako bertso eskolen sareko bederatzi eta hamalau urte bitarteko ikasleak elkartuko dira.

Ikasturte amaierarekin batera ospatu ohi dute Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Aurtengoa maiatzaren 26an ospatuko dute eta Leitzan izanen da. Nafarroako Bertso Eskolen sareko bederatzi eta hamalau urte bitarteko ikasleak elkartuko dira eta bertsotan aritu, bertsoaz gozatu eta egunpasa ederra egiteko aukera izanen dute. Bertso Eskolen egunean izena emateko azken eguna, maiatzaren 17a izanen da eta galdetegi hau bete behar da.

Goizean Nafarroako Txikien Eskolarteko Txapelketako finala jokatuko dute Herri Aretoan eta bukatutakoan, elkarrekin bazkalduko dute. Arratsaldean, Gure ahots bideo motz bideo lehiaketarako sortutako bideoak ikusiko dituzte eta sari banaketa eginen dute. Bukatzeko, Peru Harrira bisita eginen dute.

Bertso Eskolen Egunak, Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun