Leitzako emakume artzainei merezitako omenaldia eskaini diete

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 20a, 14:16

Emakume Artzainen Eguna ospatu zuten igandean Leitzan, eta herriko 40 emakume artzaini egindako omenaldia izan zen eguneko ekitaldi nagusia. Baserrian, etxean eta inguruan egiten duten ekarpena aitortu nahi izan diete. Aitziber Alduntzinek idatzitako testuan ongi bildu duen bezala egindako lana eskertu: «urtetan isilean gorputza, burua eta bihotza lurrari eman diozuen emakume guztiei».

Itzaletik argitara, etxe edo baserritik Leitzako karrapera etorrita; elkarren aldamenean jarrita, jaso zuten Leitzako 40 emakume artzainek egindako lanaren aitortza. Ofizioan arituak eta oraindik ari direnak, gaztagintza afizio  edo ofizio dutenak ziren denak,  nola edo hala, artzaintzari lotutakoak. Eguerdiko ordubatetan hasi zen omenaldia, Aurrerako dantzariek eta herriko txistulariek eskainitako agurrarekin. Kristina Urrutiak hartu zuen hitza eta emakumeek landa eremuan bete duten papera nabarmendu zuen: «emakumeei tokatu zaie bere gain hartzea artaldearen, etxearen eta familiaren zaintza, batere aitortzarik jaso gabe».

Emakume Artzainen Egunaren hirugarren edizioa izan zen maiatzaren 19koa eta aurreko edizioetan omendutako Larraun-Lekunberri eta Araitz-Beteluko emakumeen eskutik jaso zuten leitzarrek oparia. Arrosa landare batean irudikatu zituzten artzaintzaren gazi eta gozoak. Lurdes Sorron artzainak eta Aintzira Olalde bilobak jaso zuten oparia eta Aitziber Alduntzinek, bien alaba eta amak, idatzitako testua irakurri zuten: «nekea eta babes falta arantzak, baina askatasuna, familia, arnasa edertasuna. Gaurko erritmo azkarra geldiarazteko ispilua. Milesker, ama, amona, urtetan isilean gorputza, burua eta bihotza lurrari eman diozuen emakume guztiei».

Segidan,  Gorritz baserriko Lontxa Zabaleta artzainak gazta berria moztu zuen.  Bizi osoa darama artzaintzari eta gaztagintzari lotuta, 85 urte ditu eta hogeita bost urtez, ostiralero, jeitsi izan zen Leitzako plazara gazta saltzera. Horren erakusle izan zen gazta ebaki ondotik egin zuen keinua. Zatitutako gazta erakutsi eta goxo usaindu zuen herritarrek eskainitako txalo artean.

Ondorengo minutuetan ere ez zen txalorik falta izan. Banan bana, izen abizenez deitu zituzten emakume guztiak eta Okille tailerreko kideek egindako eguzkilore bana eman zieten Maider Amantegi Leitzako Udaleko ordezkariak, Ruben Goñi Landa Garapeneko sailburuak, Patxi Saez Turismo sailburuak eta Gustavo Ortiz de Barrón Plazaola Partzuergo turistikoko kudeatzaileak.

Omenduak

Miren Alduntzin (izen bereko izeba-ilobak), Arantxa Arraras, Begoña Arrizurieta, Mare Arrizurieta, Maite Arrizurieta, Aitziber Astigarraga, Maritxu Baleztena, Teresa Bildarraz, Miren Gogortza, Aintzira Olalde, Gotzone Sestorain, Lurdes Sorron, Mikaela Zabaleta, Feliziana Zabaleta, Pakita Zabaleta, Lontxa Zabaleta, Maria Carmen Zabaleta, Maria Joakina Zabaleta, Ana Beatriz Zabaleta, Isabel Zabaleta, Juana Mari Alduntzin, Maria Jesus Agirre, Mikaela Barriola, Maite Barriola, Maria Jesus Barriola, Franziska Baztarrika, Pakita Gogortza, Pilar Gogortza, Eneritz Loiarte, Ima Makazaga, Mila Olano, Maite Saralegi, Ester Saralegi, Juliana Sasturain, Amaia Sudupe, Teresa Sukuntza, Mikaela Sukuntza, Teresa Zabaleta eta Joakina Zabaleta.

Miltxoko artzainaren bertsoekin eta Oi lur, oi lur abestiarekin borobildu zuten omenaldia Itziar Azpirozeren ahots goxoak eta Ander Perurenaren gitarra akordeek. Bukaeran, Gotzone Sestorainek botatako irrintzi indartsu batekin bukatu zen ekitaldia. 

Goiz guztian zehar, Mendialdeko gaztandegietako gaztak erosi, axuria dastatu eta tripotxak nola egiten diren ikasteko aukera izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun