Goizean, 10:00etan, aterako dira goizuetarrak plazatik eta aranoarrak frontoitik eta bidean elkartuko dira. Hamaiketakoa egin ondotik, Aranora joanen dira elkarrekin eta bertan, makarroiak eta xolomoa bazkalduko dituzte. Festa giroan pasako dute arratsaldea, 16:00etan jokoak eta 17:30ean sorpresa antolatu dituzte. Goizuetarrek, 19:00etan hartuko dute bueltako autobusa.
Bertan bazkaldu nahi duten umeek edo autobusean bueltatu nahi dutenek, Goizuetako estankoan eman beharko dute izena maiatzaren 22a baino lehen. Bazkaria zortzi euro ordaindu beharko dute eta autobusa bi euro. Antolatzaileek azaldu dute autobusean 25 umerentzako lekua dagoela eta autobusa betetzen bada, hortik gora apuntatzen diren umeen gurasoek arduratu beharko dutela 19:00etan Aranon jasotzeaz. Irteeran parte hartu nahi duten gurasoek, beraien bazkariaz eta bueltaz arduratu beharko dute.