Jende ugari bildu da Areson taberna eta denda faltari irtenbidea bilatzeko deitutako bileran

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 17a, 18:30

Taberna, denda eta okinik gabe gelditu ondotik, egon daitezkeen irtenbide posibleez hitz egitea zen maiatzaren 16an egin zuten bileraren helburua. Herritarren egunerokoan eragin zuzena duten gaiak dira eta bete egin zen udaletxeko batzar aretoa. Udaleko ordezkariek gaiari lehentasuna emateko konpromisoa adierazi eta herri kooperatiba bat sortuta taberna-denda bat irekitzeko proposamena jarri zuten mahai gainean. Herritarrekin eta udal ordezkariekin batera, proiektu honetan bidelagun izan daitezkeen hainbat eragile gonbidatu zituzten. Cederna Garalur Elkarteko Mendialdeko teknikariak, Beñat Irasuegi Olatukoop eta Lander Urritza Bakaikuarrok proiektuko ordezkariak bertan izan ziren landu daitezkeen bide desberdinak azaldu  eta antzeko esperientzien berri emateko.

Elena Irigoien Cederna Garalurreko Mendialdeko teknikariak eskualdean egiten duten lanaren berri eman zuen eta herrietan proiektuak garatzeko dauden bitarteko eta bide desberdinak azaldu zituen.

Beñat Irasuegi Olatukoopeko ordezkaria izan zen hitza hartu zuen hurrena. Olatukoopen egiten duten lanaren berri eman zuen eta zerbitzu faltari aurre egiteko Euskal Herrian barna sortu dituzten herri kooperatiben berri eman zuen. Tokian tokiko beharrei erantzuteko,  «herritarrek, herrian eta herriaren mesedetan» landutako proiektuak direla azaldu zuten eta kasu guztietan «herritarren bultzada» funtsezkoa dela nabarmendu.  Landu beharreko bide horretan bidelagun izatea da Olatukoopen funtzioa eta herri kooperatiba bat sortzeko eman beharreko pausoak zeintzuk diren azaldu zuen hainbat adibideren bidez.

Hain zuzen, Euskal Herrian azken urteetan sortu diren herri kooperatiba horietako baten ordezkariak borobildu zituen azalpenak. Lander Urritza Bakaikuarrok herri kooperatibako kideak Bakaikuko dendaren itxieraren aurrean martxan jarri duten proiektuari buruzko xehetasunak eman zituen.

Galdera erantzunen tartea ireki zen gero eta Aresora etorrita, udalak burutan duen proiektua azaldu zuen. Herritarrekin batera, prozesu bat abiatzea litzateke asmoa, herri kooperatiba bat sortu eta herritarren artean kudeatuko litzatekeen taberna eta denda bat sortzea. Udala kooperatiba horren parte izango litzateke, baina herritarrak izango lirateke bere bultzatzaileak eta babesleak. Taberna eta denda hori jartzeko espazio falta da gainditu beharreko lehenbiziko oztopoa, baina proposatu dute aukera bat: «Udaletxeko eraikinean moldaketa egitea da gure proposamena. Udal bulegoak lehenbiziko solairura igo eta eraikinaren beheko zatian taberna eta denda jartzea. Obra egitea eskatuko luke, baina eraikina bera gurea da eta kokapena ezinhobea da». Bestelako proposamenak ere egin zituzten bertaratutakoek eta udala horiek aztertzeko prest agertu zen. 

Motorrak berotzen hasita, ekainaren 10erako deitu dute hurrengo bilera. Udaletxean bilduko dira 18:00etan eta prozesuarekin aurrera segitzeko herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun