Zaintzari loturiko aita den seinale dira eszedentziak eta lanaldi murriztuak: «Hasierako lau hilabeteko baimena biok segidan hartu genuen. Baimena bukatuta, neska lanean hasi zen eta nik apiriletik uztailera eszedentzia hartu nuen. Emazteak uztaila eta abuztua libre zituenez, ni lanean hasi nintzen. Irailean umea haur eskolan hasi genuen, eta gu biok zortzi ordura lanean». Onartu du «ahal den bezala» moldatu zirela, «baina batzuetan arrastaka. Umeari bere denbora eman behar diozu, berarekin kalera atera, berarekin egon, kalitatezko denbora eman». Horri etxeko lanak gehitu behar zaizkio: «erosketak, garbiketa, otorduak... Biak zortzi orduz lanean, haurrari behar duen arreta ematea zaila da». Horregatik murriztu du lanaldia eta ekainera arte «lau orduz» ariko da. Modu horretan, «etxeko lanak egiteko eta familian umearekin gozatzeko aukera dugu».
«Kontua ez da haurra paseatzera ateratzea bakarrik. Hori baino gehiago da»
Aitatasun eredua «gure esku» dago bere ustez: «Ama beti ama izanen da, are gehiago bularra ematen badio. Baina horren atzean gauza asko egin ditzake aitak, amak bezala. Zergatik ez dut umea bainatuko edo ez dizkiot azazkalak moztuko? Zergatik ez diot jatekoa prestatuko? Gure ardurak dira». Dioenez, «aitak aurreratzen ari garela esaten da, baina kontua ez da haurra paseatzera ateratzea bakarrik. Hori baino gehiago da». Parekidetasuna lortzeko «asko falta» dela dio. «Gizon zein emakume baimenak hartzeko aukera igualak ditugu, baina gizonezkoei oraindik asko kostatzen zaie». Gehiago ere bai: «Askotan lanera joatea eta ama etxean gelditzea da errazena. Etxean dagoenak ardura guztiak hartzen ditu: erosketak, otorduak, umeen zaintza, garbiketa… Eta askotan beste baten utziz gero, erosoago bizi gara».
Hartu duen bidea hartuta, tarteka ez dela ulertua sentitu ere aitortu du: «Bati baino gehiagori entzun diot 'Ama lanera eta zu etxean? Ume gaixoak ama behar du' esaten. Bai, ama behar du, baina aita ere bai. Bietako batek lanera joan behar du, eta ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara. Gu ere gai gara haurrez arduratzeko eta etxeko lanak egiteko. Ama aita bezala joan daiteke lanera, aitak bezala izan dezake lanpostu ona, eta larunbata ailegatu eta igual-igual joaten ahal da mendira. Oraindik ere askotan ikusten da aste guzian aita lanean, ama eszedentzian, eta larunbata ailegatu eta aita berean». Gisa horretara, «arrazoi batengatik edo bestearengatik ardura guztia amaren esku» gelditzen dela gaineratu du: «umearen zaintza, etxearen antolaketa, eta gauza asko».
Egoerari buelta emateko, «aitak eta amak baimenak partekatzera animatu» nahi izan ditu, «sei hilabete batek, sei hilabete besteak… Horrela, zer den baloratzeko». Bera ez da damutu: «Esperientzia zoragarria da. Oso zoriontsu naiz, eta familian ere hala gaude». Gehiago ere bai: «Haurrak ematen didan maitasuna eta disfrutatzen ari naizena, ez dit inork kenduko».