Kontatu duenez, «zaharrenaren hazieran parte hartzeko aukerarik ez nuen izan, alde eginda ibili nintzelako eta gero kartzelan. Hori ikasgai oso haundia izan da. Badakit zer galdu dudan eta zer galduarazi diodan seme zaharrenari, eta beste seme-alabekin ahal dudan denbora gehiena pasatu nahi dut». Eta hala ari da: «Bikotekideak denda du eta ez du oporrak hartzeko aukera haundirik. Nik, ordea, bai». Ez da hori bakarrik: «Alde batetik, fabrikan eszedentziak hartzen ahal ditut eta bestetik, umeak hazteko prozesuan parte hartu nahi dut. Hortaz, umeek oporrak dituzten aldiro haiekin egoteko eszedentzia hartzen dut: Gabonetan, inauterietan, Aste Santuan, udan...».
Umeek hiru urte egin arte izanen du «nahi beste eszedentzia hartzeko aukera», baina bere hitzetan, «zailtasunak» ondotik etortzen dira: «Umea autonomo izan arte urte gehiago behar dira». Horregatik eskatu ditu neurri gehiago: «lege aldetik urrats ttiki batzuk egiten ari dira, baina gehiago beharko genituzke, eta fabriketan malgutasun gehiago umeak zaintzeko baimenak hartu ahal izateko».
Berdintasunari lotuta, «teoriatik praktikara» salto egiteko beharraz mintzatu da goizuetarra: «Azken urteotan asko teorizatzen ari gara berdintasunaz. Baina hori praktikara eraman behar da, eta zeregin haundia dago. Oso erraz esaten da berdinak garela eta eskubide berdinak ditugula, baina hori etxeko lanetan eta umeen hazkuntzan erakutsi behar da». Bere hitzetan, «orain arte umeak hazterakoan, beti karga haundiena amek hartu izan dute. Egoera aldatzen ari da, garai batean aitak ez ziren ikusi ere egiten umeekin. Baina oraindik gehiago aldatu beharko luke. Oraindik ere amak dira umeekin egoteko lana utzi edo oporrak edo eszedentzia hartzen dutenak edo hainbat ardura amen eskuetan uzten ditugu: medikua, adibidez».
Parekidetasunetik «urruti» ikusten du oraindik gizartea, eta bere adibidea ekarri du gogora: «Fabriketan aita guziok dugu lanaldia murrizteko edo eszedentzia hartzeko eskubidea, baina oso gutxi gara hartzen dugunak. Diruari gutxiago begiratu eta umeekin egoteko denbora gehiago hartu beharko genuke». Hori baita bere ustez aitatasun arduratsua: «Umeak hazteko eta hezteko garaian egunerokoan parte hartzea, ez asteburuetan eta oporretan bakarrik». Eta aita izateko modua aukera egiten da bere irudiko.
Bere ustez, «kontzientzia gehiago behar da» eta gehiago ere bai: «Aitok ardura gehiago hartzean, umeek hori ikusi eta bizitu egiten dute eta zer ikusi hura ikasi. Umeek aitak ere beraiekin egoteko bere denbora hartzen duela ikusten badute, hori normaltzat hartuko dute».
Gainerakoan, eszedentziak hartuta, «tarteka, komentarioak» aditzen dituela ere kontatu du: «'Ze ongi bizi zareten' esan izan didate. Tarteka, irri egiten diet eta kito. Batzuei beraiek ere badutela aukera esaten diet eta besteei fabrikan gehiago deskantsatzen dudala». Esanak esan, berak garbi du: «Umeak ttikiak direnean aprobetxatu behar da. Aita naizen aldetik umeekin disfrutatu nahi dut eta umeek aitarekin berdin. Hazten direnean, hori bukatuko da».