Euskal Herria Mendi Erronkako antolatzaileek nabarmendu dute: «ausardia eta kemena ez zaizkio falta izan». Bide-urratzaile izan zen mendi lasterketen hastapenetan, eta 75 urterekin, oraindik ere, lasterka dabil: Euskal Herria Mendi Erronkaren edizio honetan ere parte hartzekoa da, erreleboka.
Lehenbizi errepidean hasi zen lasterka, baina geroago errepide-bazterrak utzi eta mendi bideetan barrena hasi zen, ordura arte gutxik egiten zuten erara; eta berehala ohartu zen naturak eskaintzen zizkion abantailez.
Bizitzak, ordea, bide malkartsua jarri zion begien aurrean: 55 urte zituela minbizia diagnostikatu zioten. Irenek bere berea duen bizi indarra atera eta erresilientzia handiz gainditu zuen erronka hura ere. Gaixotasunak ez zion eragotzi bizimodu aktiboarekin jarraitzea: ibiltzen, yoga egiten eta kiroldegira joaten jarraitu zuen eta horrek izugarri lagundu zion errekuperatzen. Gainditutako erronka bat gehiago haren zerrenda luzerako.
2003an Zegama Aizkorri lasterketan ekin zion mendi lasterketen ibilbideari, 50 urte zituen orduan eta hamaika edizio egin zituen jarraian. Camile Xtreme lasterketa da haren kuttuna eta edizio guztietan parte hartu du. Bestelako lasterketa handietan ere ibili da. Haren bizitzaren zati garrantzitsua hartzen du lasterka egiteak eta azken egunera arte hala ibili ahal izatea du amets: arineketan ez bada, oinez, baina ibili.