Aresoko Udalak bilera antolatu du herritarrekin maiatzaren 16an

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 14a, 12:00

Herrian dauden beharrak identifikatu eta hauek nola garatu erabakiko dute aresoarrek.

Aresoarren egunerokoan eragina izan duten hainbat aldaketa izan dira azken aldian: Sastinea taberna itxi dute, okina ez da herrira joaten... Oinarrizko hainbat zerbitzu gabe eta biltzeko tokirik gabe gelditu dira herritarrak. Ez da nolanahiko erronka eta egon daitezkeen aukerei buruz hitz egiteko elkartzea proposatu du Aresoko Udalak. Maiatzaren 16an, 18:00etan, udaletxean egingo dute bilera eta herritar guztien iritzia bildu nahi dute: «animatu eta etor zaitezte. Elkarrekin eraiki dezagun etorkizuna».

Antzeko adibideetatik ikasiz

Bilera horretara, Elena Irigoien Cederna Garalurreko teknikaria eta Beñat Irasuegi Olatukoopeko ordezkaria gonbidatu dituzte. Mendialdeko Aktibazio Planaren barruan proiektu bat lantzeko aukera jarriko dute hauek mahai gainean. Izan ere, Areso ez da salbuespena eta Mendialdean eta Nafarroako beste herri txiki askotan ohikoa bihurtu den egoera da. Antzeko egoerak bizi izan dituzten herrietako adibideak ekarriko dituzte eta egin dituzten ekimenak zeintzuk izan diren azalduko dute. Besteak beste, Bakaikuko eta Orexako ostatu eta denda kooperatiboen esperientziak azalduko dituzte. Herri Kooperatibak sortzeko aukerak ikusi eta Areson proiektu bat lantzeko herritarren gogoa ezagutzeko balioko du bilerak. Herrian dauden beharrak identifikatu eta hauek nola garatu erabakiko dute herritarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun