Leitzako Kultur Aroa maiatzaren 17tik ekainaren 15era ospatuko dute

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 14a, 11:00

Iaz jendetza bildu zen Leitzako Sagardo Egunean.

Kulturaz gozatzeko hainbat aukera izanen dituzte datozen egunetan Leitzan. Maiatzaren 17an emanen diete hasiera Kultur Aroaren 46.edizioari eta, beste urte batez, egitarau potoloa osatu dute Aurrera Elkarteak eta herriko eragileek.

Maiatzaren 17an, Josebe Blancok izanen du Kultur Aroari hasiera emateko ardura. Hausnarrean liburua aurkeztu eta solasaldia eskainiko du 18:00etan liburutegian.

Maiatzaren 18an, Orreaga 824. urteurrena erakusketa aurkeztuko dute Peru Harrin 18:00etan. Iñigo Larramendik, Iñaki Perurenak, Jeiki Abesbatzak eta Aurrerako dantzariek parte hartuko dute ekitaldian. Erakusketa Herri Aretoan egonen da ikusgai, maiatzaren 21etik 25era, 19:00etatik 20:30era.

Maiatzaren 19an, Emakume Artzainen Eguna ospatuko dute eta Leitzako emakume artzainei omenaldia eginen diete plazan 13:00etan. Ekitaldiak 11:00etan hasiko dira eta Mendialdeko gazten azoka, dastaketa eta gaztak eta tripotxak nola egiten diren ikusteko aukera izanen da, baita burruntzian erretako axuria jatekoa ere. 

Maiatzaren 20an, Mikel Markez eta Eñaut Elorrietak Baga biga higa emanaldia eskainiko diete Amazabalgo ikasleei, 10:30ean. Biharamunean, Migel Mari Elosegi igoko da aretoko oholtzara 17:30ean, Mendi biziak hitzaldia eskaintzeko.

Maiatzaren 23an, Palestinaren egoerari buruzko hitzaldia emanen dute Ane Irazabalek, Floren Aoizek eta Yala Elkarteko kideek. Herri Aretoan 19:30ean.

Maiatzaren 25ean, goizean, Nafarroako editoreen azoka eginen dute plazan eta 20:30ean bertso afaria izanen dute Musunzar ostatuan Joanes Illarregi eta Aitor Mendiluzerekin.

Maiatzaren 26an eginen duten Eskulangintza Azoka izanen da hilabeteko azkeneko ekitaldia. 

Ekainaren 8an Sagardo Eguna eginen dute eta ekainaren 15ean bukatuko da Kultur Aroa. Jeiki Abesbatzak 50.urteurreneko festa ospatuko du plazan eta gonbidatu ugarik parte hartuko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun