Ana Goñi Ondarretxe

«Antzezten ari naizenean aske sentitzen naiz eta bizipoza da niretzat»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 11a, 09:30

Ana Goñi Ixabelen paperean ariko da igandean, Areson, 'Kutsidazu bidea Ixabel' antzezlanean.

Oholtzara igo eta fokuen argipean gozatzen duen horietakoa da Ana Goñi. Argi dio: «askatasun handia ematen dit antzerkian aritzeak». Txikitatik izan du gustuko, «eskolan ere lehena izaten omen nintzen neure burua antzezlan baterako aurkezten». Askatasuna eman soilik ez, tresna baliagarria ere izan da beretzat: «bizitza honetan askok dugu gure puzzlearen fitxa baten falta, nik ere badut». Hutsune hori osatzeko bidea eman dio: «antzerkiak asko lagundu dit, lotsa pixka bat kentzen, irekitzen... eta, garrantzitsuena, ni neu banaizela sinisten, nahiz eta ez jakin nondik heldu naizen. Besteren alaba, emaztea edo ama bakarrik ez naizela sentitzen, alegia». 

Oholtzaren gainean ikusten duenak nekez pentsatuko du lotsatia denik, baina antzerkiak duen magiaren parte omen da hori: «oholtzaren gainean nagoenean ez naiz ni. Beste pertsonaia baten barruan sartuta nago, nire eguneroko bizitzatik at». Teloia irekitzen denean, «urduritasuna bai, baina aske sentitzen naiz. Plazer bat da niretzat, bizipoza eman eta primeran pasatzen dut. Noizbait sentsazio hori galtzen badut, ez du zentzurik izango afizio honekin jarraitzeak». 

Bidean ere asko gozatzen du: «urte hauetan dozenaren bat pertsonaia egingo nituen, desberdinak denak, eta pertsonaia garatu bitartean jolasteko aukera izatea bikaina da». Aitortu du batzuetan zaila izaten dela Ana beraren eta pertsonaiaren muga non dagoen jakitea: «kuriosoa da batzuetan pertsonaia batzuei zuretik ematen diezula eta beste batzuetan, nahigabe, pertsonaiaren gauza batzuk zureganatu ere egiten dituzula».

Aresoko antzerki taldea

Sortzez gipuzkoarra da Ana, baina urteak daramatza Areson bizitzen eta bertan izan zuen duela hamabi urte bere afizioa garatzeko aukera: «Areson antzerki taldetxo bat osatu genuen. Hiru urtez aritu ginen herrirako lanak sortu eta eskaintzen». Inguruko herrietara ere joateko aukera izan zuten: «bost antzezlan sortzera iritsi ginen eta azken emanaldia 2015eko festetan egin genuen. Nekatu egin ginen azkenerako». Dena den, ofizialki taldea ez zen desegin eta taldearen itzulera posible batez galdetuta barre artean erantzun du: «baliteke oraindik sorpresaren bat ematea. Nork daki!».

Harra barruan sartua

Aresoko taldearen martxa eten zen, baina ordurako barruraino sartua zuen harra eta ezin izan zuen antzerkiaren mundutik aldendu: «2015ean Berrobin antzerki tailerra martxan jarri zuten eta udazkenean izena eman nuen. Ester Poveda, Berrobin bizi zen aktorea, genuen irakasle lanetan. Antzezlan bat prestatu zigun jendearen aurrean eskaintzeko, gustatu eta hortxe jarraitzen dut». Segidan sortu zuten Povedaren zuzendaritzapean Txalo Talo Antzerki Taldea: «urtero emanaldi bat prestatzen saiatzen gara eta prestatutakoari zukua ateratzeko, inguruko herrietan eta Euskal Herrian izaten diren lehiaketa edo jaialdietara aurkezten gara».

Maiatzaren 12an Areson

Maiatzaren 12an emanaldia dute Areson eta herrian aritzea plazer bat dela dio: «oso ondo erantzuten du jendeak». Konpromisoa ere bada, ordea,«oso exijentea naiz neure buruarekin eta herrian antzeztu behar dudanean are urduriago egoten naiz». Kutsidazu bidea Ixabel antzezlanaren moldaketa bat eskainiko dute eta Ixabelen paperean ariko da bera: «ikaragarri gustuko dut bere alaitasuna, transmititzen duen freskura hori. Inozentzia puntua du, baina aldi berean pentsatzen duen hori esateko arazorik ez du».

Umorerik ez da falta izan inoiz beraien obretan: «inguruko herrietan aritzen gara normalean, ezagunen artean. Nahikoa albiste txar izaten ditugu bestela ere egunerokoan. Zer politagorik ordubetetxo batean, jendeari minutu batzuez behintzat, barre egiteko aukera eskaintzea baino?».  Dena den, saiatzen dira antzezlanekin mezuren bat zabaltzen: «jendeari zer pentsatua ematen, baina pretentsio handiegirik gabe. Ez gara profesionalak, talde amateur bat gara eta badakigu gure mugak non dauden».

Emaitza borobila izateko, gogotik lan egin behar izaten dute: «astelehenero elkartzen gara, iluntzetan ordu eta erdi inguru. Irailetik ekainera. Emanaldia dugun astean edo aurrekoan bi bider ere bai». Eguneko hogeita lau orduak ongi zukutu behar izaten ditu, baina argi dio: «gustuko tokian aldaparik ez da izaten. Lana goizetan egiten dut, bost seme-alaba ditut eta gidoiak ikasteko tartea gauez hartu behar izaten dut, oheratzen direnean edo bazkalostean». Batzuetan esku bat ere botatzen diote: «beraiek ere jartzen ditut, nere amak esaten duen bezala lezioa hartzen. Gogoa dagoenean denetara moldatzeko aukera topatzen da».

Antzerkiaz gain, idaztea, argazkilaritza eta sukaldaritza maite ditu eta bere bizitza euskararen bueltan osatua du: «jeikitzen naizenetik oheratzen naizen arte. Ez dut besterik egiten. Euskaraz hitz egin, bai familian baita lagunartean ere, euskarazko hedabide batean administrari lanak egiten ditut. Herriko Panpanoziri aldizkarian ere parte hartzen dut eta herriko euskara taldeari ere ordu ugari eskaini dizkiot. Fokuen argipean batzuetan, itzalpeko inurri lanetan besteetan; baina pasio handiz guztietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun