Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldian Bereziartua eta Aburuza sagardotegiek lehenengo garaipenak lortu zituzten, Galarretan. Ansak eta Aritz Zubiri goizuetarrak garaipena eskuratu zuten, 2-1 (7-15, 15-9, 8-6) Segurola eta Larrañaga bikotearen aurka. Beraz, Bereziartuak 3 puntu lortu zituen eta Petritegik puntu bat. Jaialdiko azken partidan, Loitegi eta Barrenetxeak (Oialume Zar) erraz galdu zuten, 2-0 (15-11, 15-7), Urriza eta Martirenaren (Aburuza) aurka. Punturik ez zuen lortu Oialume Zarrek eta lau puntu lortu zituen Aburuzak.
Txapelketako beraien lehenengo partidan Ansak eta Aritz Zubirik partidari buelta ematea lortu zuten. Lehenengo jokoa 7-15 galdu zuten sendo hasi ziren Segurola eta Larrañagaren aurka. Seina tanto egin zituzten eta gorriek ez zuten lortu partidan agintzea. Bigarren jokoan gauzak erabat aldatu ziren. Ansa jokoan sartzen hasi zen, Zubirik Larrañagaren jokoa berdindu zuen, eta horrek agintzera eraman zituen. Jaun eta jabe izan zen Ansa bigarren jokoan mota guztietako tantoak eginez. Hamar lortu zituen guztira eta 15-9 berdindu zuten partida. Joko erabakigarrian Ansak berean jarraitu zuen eta zazpi tanto eginez 8-6 nagusitu ziren gorriak. Azken bi jokotan 17 tanto egin zituen Ansak, partidan aginduz.
Bigarren partidan emozio gutxiago izan zen. Urrizak eta Martirenak erraz irabazi zuten 15-11 eta 15-7 Loitegi eta Barrenetxearen aurka. Urriza izan zen partidako erremontistarik onena.
Sailkapena
Bigarren jardunaldia kontutan hartuta sailkapena honela geratu da.
- Segurola-Larrañaga (Petritegi) 5 puntu
- Urriza-Martirena (Aburuza) 5 puntu
- Ansa II-Zubiri (Bereziartua) 3 puntu
- Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea) 3 puntu
- Aldabe-Juanenea (Gurutzeta) 0 puntu
- Loitegi-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 0 puntu