Leitzaldean pediatra eskatzeko berriz ere kalera aterako dira ostiralean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 8a, 20:00

Apirilaren 12an herriz herri egin zituzten mobilizazioak. Irudian, Leitzakoa.

Maiatzaren 10ean elkarretaratzea eginen dute Leitzako plazan, 18:30ean. Aurretik, 17:30 aldera, pankartak margotuko dituzte haurrekin eta materiala (tenperak, pintzelak, margoak, pegatinak… ) norberak etxetik eramateko eskatu dute. Leitzaldean pediatra orain taldean bildu diren gurasoek egin dute deialdia. Hilabeteak daramatzate erreklamazioak jarriz, eskura dituzten ate guztiak joz eta pediatra behar duten bakoitzean Iruñera joanez. Mobilizazioak ere egin dituzte, baina beraien eskaerai «entzungor egin eta irtenbiderik ez» dutela ematen ikusita, beste behin ere kalera aterako dira.

Urte hasieratik bizi duten egoera salatu eta ikusarazteko ahaleginetan ari dira Leitzaldean pediatra orain taldekoak. Sare sozialak baliatu dituzte horretarako eta instagram-en ireki duten kontuan familien testingantzak jasotzen ari dira. Pediatra faltaren ondorioz bizi dituzten egoerak, kezkak, beldurrak... jaso dituzte. Haur jaioberrien gurasoenak batzuk, haurdun dagoen ama batena bestea, gaixotasun kronikoak dituzten haurren gurasoenak edota haurra gaixorik badago zer egin ez dakitenenak. Taldekideek dioten bezala, «bakoitzari bere moduan, baina argi gelditzen da haur edo gaztetxoak ditugun guztioi eragiten digun kontua dela». Norbaitek bere ekarpena egin nahi badu leitzaldeanpediatraorain@gmail.com helbidera idatz dezake. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun