Mendialdeko Elikagaien Katalogoa aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 3a, 18:30

Leitza, Larraun eta Araizko eragileei aurkeztu zieten katalogoa.

Mendialdeko ekoizleei buruzko informazioa bildu dute liburuxka batean. Bertan, ekoizle eta eraldatzaileak nongoak diren, haiekin kontaktuan jartzeko bideak, eskaintzen dituzten produktuak eta zein saltokietan saltzen dituzten jaso dute. Apirilaren 25ean egin zuten katalogoaren aurkezpena Lekunberrin, Mendialdeko hainbat eragile gonbidatu zituzten eta Leitza, Larraun eta Araizko hainbat ordezkari bertaratu ziren. Hitzordua baliatuta, Cederna Garalurreko teknikariak Mendialdeko elikadura proiektua aurkeztu zuen eta  Habelarteko ordezkariak elikadura sistemen inguruko azalpenak eman zituen. Marc Badalek gidatutako dinamika bat ere egin zuten bertaratu ziren eragileek eta urtero antolatzen dituzten otorduetan ze elikagai eta non erosten dituzten aztertu zuten.

Mendialdeko hamar udalek eta Cederna Garalur Elkarteak 2019an Mendialdeko elikadura proiektua lantzen hastea hitzartu zuten. Elikadura osasuntsua eta jasangarria sustatzea dute helburu eta horretarako hainbat ekimen antolatu dituzte urte hauetan guztietan: Mendialdeko Azoka Ibiltaria, fruta arbolen inguruko formakuntza saioak, errestaurazio kolektiboen lanketa, eskolen bisitak ekoizle eta eraldatzaileei… eta lanketa horren guztiaren emaitza izan da Mendialdeko Elikagaien Katalogoa osatu izana. Ikusi katalogoa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun