Ttikian eragiteko asmoa
533.461, 76 euroko aurrekontua onartu dute. Eskura duten diru kantitatea handia ez denez, proiektu handietan sartu gabe, partida txiki batzuk handitzea erabaki dute. Horri esker, hainbat hobekuntza egitea aurreikusten dute: «ur sarean konponketak egingo ditugu, herri lanetarako makineria berrituko dugu, bulegoko materiala erosiko dugu eta herrian antolatzen diren ekitaldietan erabiltzeko aulkiak erosiko ditugu». Eskoletxeko liburutegia hornitzeko diru partida bat ere gorde dute, beste bat kultur ekitaldiak bultzatzeko eta parkean hobekuntzak egiten saiatuko dira. Momentuz, aurreikusten den inbertsiorik handiena, mendiko bi pisten konponketarako erabiliko dutena izango da. Lan horiek egiteko abeltzaintza azpiegituretarako dirulaguntza jasoko dute.
Udalaren egoera ekonomikoa azken urteetako onena dela ere azaldu dute: «industrialdea berritzeko udalak eskatutako mailegua ordaintzeaz bukatu delako». Proiektu berriak aurrera eraman ahal izateko badakite, «erne ibili» beharko dutela: «aukerak ongi aztertu eta herrian baliatu ditzagun dirulaguntza deialdietara aurkeztu beharko dugu».