Jose Jabier Etxeberriak azaldu zuen Goizuetako udalerriko lurretan bi paraje ezagutzen dituela errotarri harrobiak izan direnak: Erroiarri eta Urganbide.
Apirilaren 13an goizuetar taldetxo bat joan zen Urganbideko Harrira, errotarrien harrobi izan zen mendira. Harkaitz eta ote artean ezkutatuta, baina oraindik ere ongi nabariak dira bertan garai bateko harrobiaren arrastoak.
Goizuetako herrian bertan hiru errota dituztela azaldu zuen Etxeberriak: Beanzibia parajean, Bekoerrota-Errotazar deitzen dioguna. Yeraga parajean, Olaberriko errota (eroria dagoena) eta Arrateta-Arganga parajean Erratetako errota.
Antzinakoak dira Goizuetan erroten erabilera dokumentatzen duen lehenengo agiriak: «Bekoerrota 1541eko dokumentuetan aipatzen da. Artoa eta garia ehotzeko errotak izugarrizko garrantzia izan dute goizuetarren eguneroko janarirako».
Etxeberriak prozesua nola izaten zen azaldu zuen eta nabarmendu zuen «erroten pieza nagusiak diren errotarria lortzea eta garraiatzea lan nekagarria» izan dela beti. Kontatu zuen harginek nola egiten zuten pausoz pauso lana: «lur zoruko harri egoki bat bilatu, zuloak egin eta ziriak sartuaz harri bloke bat ateratzen zuten. Han bertan zizelaz errotarria bukatu eta gurdi batera kargatu ondoren, errotara eramaten zuten».
Azalpenak aditzearekin batera, euren begiekin ikusi ahal izan zituzten Urganbiden prozesu horren aztarnak: «ziria sartzeko markak erakusten dituen harri handi bat lehendabizi. Blokea atera eta tokian gelditutako zulo hutsa ere bertan dago. Erdian zulorik gabeko bloke zirkularrak eta azkeneko, itxura politeko errotarri bat erdiko zuloa bistan duena».
Aztarna hauek hauek harrobian bertan hautsi edo bukatu gabe gelditutako errotarriak dira eta hargin lantegi eta baldintza gogorren testigu ederrak dira oraindik. Errotarriak garraiatzeko orga edo gurdia beharrezkoa zen. Urganbideko parajearen izenaren jatorriari buruz ere hipotesi bat plazaratu zuen Etxeberriak: «orga hitzetik eratorritakoa denaren itxura du, baina ezin esan seguru hala denik». Ibilaldia borobiltzeko, Arramaltatilk Erratetako errotan barrena bueltatu ziren Goizuetara.