Herritik hurbil dagoen Okabio mendia jende gutxik ezagutzen duela ikusita, mendi kaxko horren bueltan bi irteera antolatu dituzte. Apirilaren 20an, haur eta gaztetxoei luzatu diete proposamena. Herriko plazatik aterako dira 09:00etan eta Okabiora igoko dira, 866 metroko garaierara. Biharamunean, helduen txanda izanen da. Okabio, Guratz, Uitziko gaina eta Leitza lotuko dituen ibilaldia eginen dute, 09:00etan abiatuko dira plazatik.
Izerdirik bota gabe, mendiaz gozatzeko aukera ere izanen da. Leitzako Herri Aretoan hiru mendi espedizioren inguruan osatutako proiekzioak eskainiko dituzte. Apirilaren 18an, 19:00etan Ama Dablam-6812 m. espedizioari buruz ariko dira eta Juan Martin Maritorena gonbidatu dute hizlari lanetan aritzeko. Apirilaren 19an, 19:00etan, Karakorumen treking-ari buruzko proiekzioa ikusi eta Jon, Oinatz, Axier, Josu, Olatz, Mikel eta Julenek gidatuko dute solasaldia. Bukatzeko, apirilaren 20an eta 21ean, En las últimas fronteras del planeta. Cerro Torre. espedizioari buruzko emanaldia eskainiko dute 17:00etan. Lehenbiziko bi emanaldiak dohainik izanen dira eta apirilaren 20 eta 21ekoak ikusteko, bost euro ordaindu beharko dira.