«Erabaki tristea baina egokia» dela daki Azurmendik. Aitortu du aste zailak izan direla, «mediku azterketak egin ahala, txirrindulari profesionala izaten jarraitzeko nire ametsa itzaltzen ikusi dudalako». Hala ere, harro dago gehien gustatzen zaidanaz gozatzeko aukera izan duelako: «pribilegiatu bat sentitzen naiz nire ametsa egia bihurtzeko aukera izan dudalako».
Eskerrak emateko ere baliatu du gutuna:«nire familiari, lagunei, taldeari eta beti laguntzen ari izan diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiet». Nabarmendu du, pozik dagoela oso maitatua sentitu izan delako beti «eta horrelako sentsazio batekin bukatzeak pozez betetzen nau». Euskaltel Fundazioan hasi eta bukatuko du bere ibilbidea eta gaineratu du horrek ilusio berezia egiten diola: «beti sentitu izan naiz familia baten parte eta oso lagun onak egin ditut hemen. Txirrindulari eta pertsona bezala hazten lagundu didate eta beti eskertuko diet hori».
Bere familiako kideei ere aipamen berezia egin nahi izan die: «gaur egun naizen pertsona izaten laguntzeagatik». Bere ibilbide profesionalean gidari eta bidelagun izan dituenak ere gogoan izan ditu: «Mikel Landari eskerrak eman nahi dizkiot nituen amets asko betetzeko aukera emateagatik eta bizi izan ditudan momentu txarretan beti laguntzeko prest egoteagatik. Baita Julen Ucini medikuari, Luis Astraini psikologoari eta Jorge Azanzari ere.
Esaldi honekin borobildu du gutuna: «poztasuna bidean dagoela ikasi nuen eta ez hainbeste helmugan. Horregatik, etapa hau ixten dut egunero gozatu dudala jakinda, egun bakoitza azkena balitz bezala». Hemendik aurrera, etapa berri bat heldu dela daki, «erronka berriekin, baina ziur nago errepideetan ikusiko dugula elkar».