‘Gaztashow’ izanen dute larunbat honetan Lekunberrin

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 5a, 16:00
Joan den urtean Arriben egin zen Emakume Artzainaren Egunaren aurkezpena. Aurten, Leitzan eginen dute ospakizun honen hirugarren edizioa maiatzaren 19an.

Maiatzaren 19an Leitzan ospatuko den III. Emakume Artzainen Eguneko atariko ekitaldiak izanen dira

Gazta, artzain tradizioa, oroitzapenezko pintxoa eta umorea izanen dira larunbat honetan, apirilaren 6an, Lekunberrin, Plazaolako geltoki zaharrean. Hau guztia, maiatzaren 19an Leitzan ospatuko den Emakume Artzainen Egunaren hirugarren edizioaren aurrerapena izanen da.

Plazaola artzaintza-tradizio handiko lurraldea da eta, artzaintzari lotutako kultura horretan, Idiazabal gazta da bere adierazpen identitario eta zaporetsuenetako bat. Horretan ere, emakumeek izan duten eta duten garrantzia funtsezkoa da. Hori da, hain zuzen, Plazaola Partzuergo Turistikoko hainbat emakume gaztagilek duela hiru urte bultzatu zuten ekimenaren funtsa: lurraldea, gazta eta gastronomia, eta emakume askoren lana aitortzea.

Aurten, gainera, Plazaola Partzuergo Turistikoaren 30. urteurrenarekin bat dator, eta horregatik, uda honetatik aurrera eginen diren jardueren programa prestatzen ari da.

Dastaketa profesionala Idiazabal Jatorri Izendapenaren eskutik

Beste urte batez, Idiazabal Jatorri Izendapenak lagunduko du ekitaldi honetan eta, Joxerra Agirianoren eskutik, produktu bikain honen sekretuak ezagutuko dituzte Lekunberrin. Horretarako, gure lurraldean egindako gaztekin (gazta naturala, gazta ketua eta gazta zaharra), zentzumen guztiak landuko dituzte. 17:00etan izanen da eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, 639 41 84 63 telefonora deituz (5 euro).

Plazaola pintxoaren aurkezpena, emakume gaztagileak eta umorea

Nola ez, gazta izanen da larunbat honetan Lekunberrin aurkeztuko den Plazaola izeneko pintxo berriaren osagai nagusia. Gaztarekin batera, txistorrak ere (Urrutiaenea) protagonismoa izango du. Gastronomia munduan oso ezagunak diren Iruñeko Baserriberri jatetxeko Iñaki Andradas eta Luken Vigo maisuek bideratuko dute ekitaldia Lekunberriko Plazaolako geltokian.

Baina ez dira bakarrik egongo! Izan ere, pintxoaren sormen eta originaltasun gastronomikoaren aurretik, gaztaren ekoizpena dago eta, honetaz aritzeko, Plazaola inguruko zenbait emakume gaztagilek ere parte hartuko dute aurkezpen honetan. Horretarako, Alazne Etxeberria aktorea izango dute lagun eta, denen artean, modu umoretsuan, artzaintza eta gaztagintzaren isilpeko kontuak ezagutaraziko dituzte.

Pintxo hau, Aldazko Martitxonea sagardoarekin eta Oskozko Sagardikoetxea sagar zukuarekin dastatu ahalko da.

Pintxo honek ospakizun kutsua du, Plazaola izena jarri izanak urtebetetze oparia izan nahi baitu Plazaola partzuergoarentzat, 2024an 30 urte beteko baititu. Ekitaldia 18:00etan izango da, plaza mugatuak eta pertsonako 10 euro kostako da. Aurrerik izena eman behar da 639 41 84 63 telefonoan.

Plazaolako dendan, geltokian bertan, turismo bulegoaren ondoan, Plazaolako gaztak dastatzeko aukera izanen da eta bertako gaztez gain, Plazaola partzuergoko beste ekoizleen produktuak salduko dira: sagardoa, txistorra, ontziratutako taloak, patea, eztia, etab. Hau guztia Lekunberri-Larraungo trikitilarien musikarekin girotua.

Larunbat arratsaldea ezin hobeto bukatzeko, 19:30 aldera, Alazne Etxeberriak ligatzeko intringulisa azalduko du. Berez, oso zaila da... Plazaolan gehiago? Barre asko Plazaolako Kantinan (Plazaolako biltegi zaharrean). Bertan, gainera, zerbait hartzeko edota pintxo bikainak dastatzeko aukera aparta izanen da.

Maiatzaren 19an Leitzan ospatuko den III. Emakume Artzainen Eguneko atarikoak

Larunbat honetako ekitaldiak aurten Leitzan ospatuko den III. Emakume Artzainen Egunaren atarikoak izanen dira. 2022an Lekunberri-Larraunen eta iaz Arriben (Araitz-Betelu) ospatu zen Plazaola-Mendialdea lurraldeko topaketa ibiltari hunkigarria dugu honakoa. Oraingoan, aurreko urteetan omenduak izan ziren emakume gaztagileek emango diete lekukoa Leitzaldeko emakumeei. Eta hau izanen da Plazaola Partzuergoa Leitzako emakume gaztagileekin eta udalarekin batera lantzen ari diren egitarau zabal baten ekitaldi nagusia. Bertan, erakustaldiak, dastatzeak, gazta salmenta eta abar izango dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun