Eskualdean barna ibiliko da Euskal Herriko Itzulia heldu den asteartean eta asteazkenean

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 30a, 11:00
Purito Rodriguez txirrindularia 201an Ibardinen bukatutako Euskal Herriko Itzuliko etapan.

Astelehenean hasi eta larunbatean bukatuko da Euskal Herriko Itzulia, eta tartean eskualdeko lurretan ibiliko da asteartean eta asteazkenean. World Tourreko 18 talde eta bertze sei talde gonbidatu ariko dira, denera 168 txirridulari.

Astelehenean hasiko da itzulia Irunen. Bertan, Irunen hasi eta Irunen bukatuko den 10 kilometroko erlojupekoa bukatuko dute.

160 kilometro izanen ditu bigarren etapak, eta  Irun eta Kanbo lotuko ditu, eta tartean Xaretan barna ibiliko da.  Azkainen barna Sarara sartuko da eta bertan igoko dute eguneko mendate bakarra, San Inazioko lepoa. Sara gurutzatu, Senpereko Herburua auzotik pasa eta Dantxarinean barna ibiliko da itzulia, eta Lapurdi barnealdean eta Nafarroa Beherean ibili ondotik, berriz ere Senperera sartuko da. Etapa Ezpeletan bukatuko da.

Hirugarren etapa ere eskualdeko lurretan barna ibiliko da. Ezpeleta eta Altsasu lotuko ditu 190.9 kilometrotan. Tartean, kilometro mordoxka osatuko ditu eskualdean. Ezpeletan hasi, eta Urdazubin barna Otsondoko mendatea igoko dute. Baztanen sartuta Amaiur, Elbete, Elizondo, Irurita eta Oronoz-Mugairin barna pasako da. Oieregi eta Narbarte pasa eta Donezteben barna, Leitzarako bidea hartuko dute txirrindulariek.

Elgorriaga, Ituren, Zubieta eta Ezkurra pasako ditu, bigarren mailako Usategietako gaina portua igoko dute Ezkurra eta Leitza artean. Handik, Leitzara jaitsiko dira, eta Uitzin barna utziko dute eskualdea. Etapa Altsasun bukatuko da. 

Laugarren etapan Etxarri-Aranatz eta Legutio arteko bidea osatuko dute, borzgarrenean Gasteiz eta Amorebieta-Etxano artekoa, eta azkenekoa etapa nagusia izanen da. Eibarren hasi eta bukatuko da eta 137,8 kilometroko bidean zazpi mendate igo beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun