Erniarraitz eta Osinalde sariketetako finalera sailkatu da Eki Mateorena bertsolari leitzarra

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 18a, 19:00

Bertso asteburu betea izan du Eki Mateorena bertsolari leitzarrak. Ostiralean Zestoan jokatutako Erniarraitz sariketako kanporaketan aritu zen kantuan, eta larunbatean Gabirian jokatutako  Osinalde sariketako kanporaketan. Bietan finalera sailkatzea lortu du.

Ostiralean jokatu zuten Zestoan Azpeitiko Erniarraitz bertso sariketako kanporaketa, eta bigarren postua lortu zuen Mateorena leitzarrak. Hala, sariketako finalean kantatzeko txartela lortu du. Finala ostiral honetan, martxoaren 22an izanen da Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eta Mateorenaz gain, Andoni Rekondok, Gorka Pagonabarragak, Irantzu Idoatek, Aitor Tatiegik eta Maite Sarasolak kantatuko dute bertan.

Ostiraleko saioaz gain, larunbatean Gabiriko Aztiri sariketan kantatu zuen bertsolari leitzarrak. Aztiri saria Osinalde sariketako hiru kanporaketetako bat izaten da, eta bertako lehen bi sailkatuek lortzen dute finalerako txartela. Lehen bietako bat izan zen Mateorena, eta Osinaldeko txartela lortu zuen.

Osinaldeko finala apirilaren 6an izanen da Gabiriko izen bereko elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun