'Letrak kalera' ekimena egiten ari dira Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 18a, 09:00

Hilabete batez egonen dira ikusgai herritarren lanak komertzioetan.

Azkeneko urteetan libururen bat kaleratu duten herriko idazle eta egileen lanak jarri dituzte ikusgai Leitzako komertzioetan. Emanaldi berezi bat ere antolatu nahi izan dute egitasmoa aurkezteko; errezitaldi bat eginen dute martxoaren 20an, asteazkenean, Herri Aretoan. Hogei bat egileren lanak entzuteko modua izanen da bertan, musikarekin lagunduta. 

Literatura kalera ateratzeko bideen bila hasi zen duela urtebete inguru laukote bat: «literaturaren bueltan txirrinta sortzea zen asmoa». Ez zuten nolanahi egin nahi, «kanpoko idazleen lanak hartu beharrean, herriko idazleei egin nahi genien tokia». Horretarako, zerbait argitaratu duten leitzarren zerrenda osatzea izan zen lehenbiziko lana: «Euskara Batzordean duela urte dezente zerrenda bat osatua zuten. Zerrenda hori eguneratu eta hogeita hamar bat egile bildu ditugu: guztiak noizbait euskaraz libururen bat publikatu dutenak». 

Horri zabalkundea emateko, herriko komertzioengana jo zuten: «herritarrek idatzitako lanak beraien komertzioetan hilabete batez ikusgai jartzeko prest egonen ote ziren galdetu genien eta hirurogei komertziok baiezkoa eman ziguten».

Zerrenda eskuetan, idazle edo egile horiei egin zieten proposamena: «idazle izenak pisu handia izan dezakeelakoan egile deitzen diegu ekimenean parte hartzen dutenei. Hamar bat lerrotako lanak idazteko eskatu genien: genero, gai, neurri aldetik... libreak».  Harrera bikaina izan zuen proposamenak: «hogeita zazpi egilek parte hartu dute. Komertzianteen erantzuna ikusita, bakoitzari bi lan idazteko eskatu genien eta, tartean, badira bost lan aurkeztu dituztenak». Martxo bukaerara arte, herriko komertzioetan egonen dira ikusgai: «asmoa da erosketak egin bitartean, herritar batek idatzi duen zerbait irakurtzeko modua izatea».

Emanaldia martxoaren 20an

Ekitaldi berezi bat ere eginen dute udaberri hasieran. Martxoaren 20an, errezitaldi bat antolatu dute Herri Aretoan 20:00etan, «hogei bat egilek eman dute baiezkoa. Batzuk oholtzara igoko dira, besteak audio edo bideo baten bidez egonen dira presente». Ordubete inguruko saioa izanen da eta hainbat musikari eta abeslarik ere parte hartuko dutela jakinarazi dute: Itziar Azpiroozek, Unai Zabaletak, Jaione Olazabalek, Andoni Uzkedak... Saioa Sagastibeltza izanen da aurkezlea eta Miren Fagoagak prestatu du ekitaldiko kartela. Sarrera dohainik izanen da. 

Ekitaldian parte hartuko duten egileak: Dabid Anaut Peña, Arturo Elosegi Irurtia, Miel Mari Elosegi Irurtia Luze, Juan Inazio Lizarraga Lazkano, Jabi Moreno Martinez, Alex Mugika Zabaleta, Garbiñe Sagastibeltza Lizarraga, Batiste Zabaleta Astaitz, Ima Zestau Baraibar, Bittorio Lizarraga Lazkano, Gotzone Sestorain Zabaleta, Iñaki Zabaleta Urkiola, Ione Gorostarzu Etxebeste, Itziar Olaizola Gorrotxategi, Joxemari Sestorain Zestau, Fernando Oiartzun Sagastibeltza, Bego Cestau Baraibar, Mikel Illarregi Elberdin, Aroa Uharte Zubillaga, Antton Olano Irurtia, Arantzazu Lizartza Saizar, Juana Irurtia Lizarraga eta Urdiñola.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun