Espainiako klub arteko txapeldun suertatu da Umore Ona pilota elkartea Sorian

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 18a, 11:00

Goizuetako klubeko pilotariek bi partidak irabazi zizkieten igandean Errioxako Najerino taldekoei

Joan den urtean bigarren mailatik igo eta lehen mailako Espainiako klub arteko pilota txapelketa lehenengoz jokatu du Goizuetako Umore Ona elkarteak. Ez hori bakarrik, igandean Sorian jokatutako finalean bi partidak irabazi zizkion Errioxako Najerino taldeari eta, honela, Espainiako klub arteko lehen mailako txapeldun da Umore Ona.

Finalak, nola ez, ikusmina sortu zuen Goizuetan. Batzuk autobusean hurbildu ziren Soriara pilotariak animatzera eta beste batzuk herriko tabernetan ikusi zuten finala telebistaren bidez. Denak pozez txoratzen azkenean, bi partidak irabazita txapela ekarri baitzuten herrira.

Buruz buruko partida ez zen ongi hasi Umore Onarentzat. Lehen jokoan, Najerinoko Adrian Pradok 5-10 irabazi zion Umore Onako Eñaut Lizeagari. Baina bigarrenean Lizeaga 10-4 nagusitu zen eta kitarakoan, 5-0 nagusitu zen Umore Onako pilotaria.

Binakako partidan zegoen, beraz, txapelaren giltza. Ligaxkan Najerinoko bikoteak, Alvaro Garciak eta David Merino profesional ohiak irabazi zieten Apezetxeatarrei, baina Sorian ez zen halakorik izan. Bi jokoak ongi irabazi zituzten Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak (10-3 eta 10-4) eta, honela, txapela Goizuetara ekarri zuten.

Egun historikoa

Ez zen igandean Goizuetara ailegatutako txapel bakarra izan eta 2024ko martxoaren 17a egun historikoa izanen da Goizuetako pilotaren historiarentzat. Izan ere, Alize Sagarduik ere txapela lortu zuen Arrasateko Uarkapen pilotalekuan. Master Laboral Kutxa eskuz binakako gazte mailako finalean, pilota mistoarekin, Uxue Gomezekin batera 18-6 irabazi zien Izar Etxezarretari eta Ainhitze Arratibeli.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun