CARMEN AZPIROZ

«Kantuan aritzea arnasa hartzea bezala da niretzat»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 16a, 11:00
Carmen Azpiroz Jeikiko kidea da abesbatzaren hasieratik.

Hamazazpi urte zituela sartu zitzaion musikarako harra barrenean: «gogoan dut negua zela. Etxe bateko sarreran Navucoren koruak ikasten ari ginen. Kanta horrek badu zati bat lau ahotsetara kantatzen dena. Denok batera kantuan hasi ginenean, ez zait behin ere ahaztuko zer sentitu nuen. Orduan maitemindu nintzen ni koruaz eta musikaz».

Luze iraun dio maiteminak. Jeikiko kide beteranoenetako bat da Carmen Azpiroz eta argi dio: «abesbatzak bizitza ematen dit». Aitortu du, egun osoan, ahapeka kantuan aritzen den horietakoa dela: «ez dut askorik behar. Kantuan aritzea arnasa hartzea bezalaxe da niretzat». 

Abesbatzan topatu du gustuko tokia: «giro oso ona izan dugu beti, umore oneko pertsonak gara eta elkar ongi hartzen dugu». Hala, entseguetan kontzertuetan baino gehiago disfrutatzen omen du. Astean bitan izaten dituzte entseguak «eta horiek sakratuak» dira Carmenentzat: «konpromiso handia eskatzen du eta ongi antolatzea, baina koruak aukera eman digu emakumeoi bestela guretzat hartzen ez dugun denbora hartzeko. Beste ardurak alde batera utzi eta astean hiru orduz, gurea den momentu bat izateko». 

Bidaiatzeko aukera ere izan du abesbatzaren eskutik, «1981ean Arezzon (Italia) eta 1983an Llangollenen (Galesen) izan ginen. Etxetik urruti egiten genuen lehenbiziko bidaia luzea zen askorentzat. Orduko, oroitzapen oso politak ditut baita anekdota xelebreak ere».

Jeikiko kideak 1981ean Pisako tren geltokian, Arezzora bidean.

Argazkia eskuetan hartu eta hala kontatu du Arezzora trenez joan zirenekoa: «Hogeita hiru bat orduko bidaia egin genuen trenez eta Pisako geltokira iritsitakoan, musika tresnak atera eta kantuan hasi ginen. Txistua, bonbardinoa, akordeoia... denetarik eraman genuen. Herriko gizon bat gurekin joan itzultzaile lanak egiteko eta hala esan zigun barrez, estazioko zaintzailea abisua ematen ari zela, ez zekiela ijitoak edo zer ginen, kuadrila zelebre bat musika jotzen ari zela». 

Estatu mailan ere kontzertuak ugari eman dituzte: «txoko asko ezagutu ditugu eta espero ez genuen tokietan abesteko aukera izan dugu».

Jeikiren eboluzioa bistakoa izan dela uste du. Ongi gogoan ditu hasierako urteak: «hutsetik hasi ginen. Kantatzea gustuko genuen, besterik ez. Dena belarriz ikasten genuen, errepikapenaren errepikapenez». Ez zen hori muga izan Mozarten Requiema edo Rossiniren Petite Messe Solennelle ikasteko. Orduak eskainiz, trebatuz... teknikak ikasten joan dira «eta jakiteak, segurtasuna ematen du beti». Urtetako esperientzia bizkarrean eta 60 urtean bizirik mantentzen duen ilusioa agerian uzten du Carmenek hitz bakoitzean eta esaldi batean laburbiltzen du guztia: «musikak duen efektua da hori».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun