Herrian bertan, gustuko duen hori egiteko «aukera ezin hobea» eskaini dio Jeikik eta entseguetarako behar den denbora ateratzea erraza ez den arren, «merezi du, dudarik gabe». Abesbatzan hainbat aldaketa izan dira urte hauetan guztietan. Mamia, ordea, mantendu da: «giro ezin hobea izan dugu beti. Entseguetan anekdota ttiki asko izaten dira eta horiek bizigarriak dira abesbatzarentzat». Hori izan da, akaso, hainbeste urtean abesbatzak lanean segitzeko sekretua: «pandemiari ere aurre egin genion eta, nire ustez, horixe izan da abesbatzaren lorpen handienetakoa».
«Pandemiari aurre egin izana da, nire ustez, abesbatzaren lorpen handienetakoa»
Oroitzapen bereziak gogora ekartzeko eskatutakoan «Leitzalarrean naturaren erdian» eskaini zuten kontzertua «izugarri berezia» izan zela dio. Abeslari bezala, berriz, Mozarten requiema kantatu zutenekoa mugarria izan zen beretzat. Urteurreneko ekitaldiek ere utziko dute arrastoa: «herriari ospakizun berezi bat eskaini nahi diogu. Nik uste kontzertu eta ekitaldi bereziak izanen direla. Bada ospatzeko nahiko motibo».