Ainara de Miguel

«Asteko hitzordu kuttunak dira abesbatzako entseguak»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 16a, 09:00

Ainara de Miguel leitzarra iaz hasi zen Jeiki abesbatzan.

«Oreka, pasioa, ilusioa, emozioa, bibratzea» hitz horiekin definitzen du Jeiki abesbatza Ainara De Miguel leitzarrak. Ez hori bakarrik, kantuan hasten direnean, «mundua gelditu» egiten dela dio. Azpimarratu du, «astean zehar ditudan rol guztiak ahaztu eta musika dantzan hastea, sentitzea, kuttunen artera biltzea, notak eta ahotsak, etxekoen ahotsak, denak batera...» hori ere badela abesbatzako kide izatea. 

 

Iaz hasi zen Jeikin, baina bizitza osoa darama musikari lotuta, «hogei urtez aritu nintzen Leitzako Asketa abesbatzan kantuan eta urteak neramatzan korua utzita». Musikaren harra barruan, «abesbatzako giro hori faltan sumatzen» zuela aitortu du eta hala, berriz hasteko aukera ikusi zuenen, ez zuen zalantzarik izan: «Jeiki abesbatzan hasi nintzen». Ez da damutu emandako pausoaz. Geroztik, «asteko hitzordu kuttunenak dira entseguak eta kontzertuak emozioen kedadak».

Urteurren ekitaldi potoloa dute esku artean, lau ekitaldi denera, eta lantzen ari diren «obra zoragarria» dela nabarmendu du De Miguelek. Ez da gutxiagorako, «berrogeita hamar urte betetzea ez da nolanahiko urteurrena. Edozein proiektuk ezin dezake esan horretara ailegatu denik». Arrakastaren funtsa, abesbatza definitzeko erabiltzen dituen hitzetan dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun