1974. urtean sortu zuten Leitzako Jeiki abesbatza. Mende erdia pasa da geroztik. Ahots batzuk joan dira, berriak etorri eta tartean, badira hasieratik koruko kide direnak ere. Berrogeita hamar urte hauetan, azala aldatu da, baina mamia ez. Musika maitatzea da, baldintza. Ilusioa, beste hainbeste urtean kantuan segitzeko giltza.
Leitzan zegoen abesbatza baten errautsetatik sortu zuten Jeiki abesbatza. Berrogeita bost ahotsek osatzen zuten hasiera hartan taldea eta tartean zen Joxe Mari Azpiroz, abesbatzako kidea eta gaur egungo Jeikiko lehendakaria. «Ilusioa eta konpromisoa» dira abesbatzaren hasierako urteei buruz hitz egiterakoan gehien aipatu dituen hitzak: «musika zaleak ginen denak, baina inolako musika ikasketa gabeak. Ilusio handia genuen, lanerako gogoa eta orduak eskainita, maila oso altuan ibili ginen hasieratik».
Florencio Irurtia Pontxito zen orduan abesbatzako zuzendaria, «berak sortu zuen abesbatza eta ezin liteke Jeikiren historia azaldu, gizon horrek abesbatzaren alde egindako lan guztia azpimarratu gabe». Hogeita hemezortzi urtez bera izan zen Jeikiko zuzendaria.
Hasierako urteak
Lehenbiziko hamar urteak, «oso biziak» izan zirela azaldu du Azpirozek. Hainbat lehiaketetan parte hartu zuten: «Pontxitok uste zuelako horrek abesbatzari hazteko aukera ematen ziola». Sariak ere eskuratu zituzten: «1979an Ejea de los Caballerosen egindako abesbatzen lehiaketa irabazi genuen. 1982an eta 1983an Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan laugarren postuan sailkatu eta euskal abesbatza onenaren saria lortu genuen. 1981ean Arezzon (Italian) abestu genuen eta 1983an Llangollenen (Galesen) ospatutako abesbatzen lehiaketan polifoniako bigarren saria irabazi genuen».
Emanaldi ugari
Abesbatzen lehiaketetatik aparte, hainbat eta hainbat kontzertu ere eskaini zituzten: «Iruñeko Gayarre antzokian hiru aldiz abestu genuen eta 1982an Loiolako Basilikan Rossiniren Petite Messe Solennelle obra eskaini genuen Javier Bello Portuk zuzenduta». Obra zaila da eta ikasteko prozesua ongi gogoan dute abesbatzako kideek: «Pontxitok kaseteetan banaka grabatu zituen ahotsak eta hilabete eta erdian lortu genuen ikastea. Espainiako Futbol Mundiala zen orduan eta ez genuen partida bakar bat ere ikusi». Euskal Herrian, berriz, «Bilboko Arriaga antzokian, Lizarrako Erdi Aroko jaialdian, Oiartzunen, Pasaian...» aritu ziren kantuan.
Abesbatzari eutsi
1983. urtea inflexio puntua izan zen Jeikirentzat: «maila horretan segitzea ezinezkoa zela ikusi genuen. Exijentzi maila oso handia zen eta zertxobait lasaitzea erabaki genuen». Hori bai, kantatzeari uztea ez zuten behin ere burutan izan: «herriko elizkizunetan, ezkontzetan, hiletetan... abesten genuen. Ez ginen kanpora ateratzen, baina horrela eutsi genion abesbatzari».
Proiektuari bultzada
Duela hogei urte, proiektua berrartu eta bultzada eman zioten Jeikiri: «orduan hasi ginen berriz ere burubelarri lanean». Haendl, Bach, Schubert, Mozart... konpositore ezagunen obrak landu zituzten «eta 2008an Mozarten Requiema lehenbizikoz Leitzan abestu genuenekoa oso berezia izan zen guretzat». Ongi gogoan ditu Carmen Azpirozek Pontxitoren hitzak: «kontzertua bukatu genuenean, 'orain lasai hil naiteke' esan zidan. Ederra izan zen benetan». Paraje berezietan abesteko aukera ere izan dute etapa berrian: «Leitzalarrean, Itzaietan, Chillida Lekun eta 2012an Zugarramurdiko lezeetan eman genuen Pontxitok zuzendutako azkeneko kontzertua».
Zuzendari aldaketa
Nekane Piñuelak hartu zuen orduan abesbatza zuzentzeko ardura: «2012tik 2023ra arte bera izan da Jeiki abesbatzako zuzendaria». Zuzendari berri bat iristen denean, abesbatza bat guztiz alda daitekeela uste duen arren, «Jeikik bere esentzia beti mantendu» izan duela dio Azpirozek, «baina eboluzio bat egon zela esan daiteke. Ordura arte, batez ere, Errenazimenduko obrak abesten genituen. Hasiak ginen Mikel Laboa, Lete, Lertxundiren abestiak ere lantzen, baina Nekanerekin garai berrietara egokitu genuen gure errepertorioa». Hala ikasi zituzten: «Lau teilatu, Itsasoa gara... baita teknika berriak ere. Euria ari duenaren soinua egin dugu kanturen batean, dantzatu...». Batekin zein bestearekin hizkuntza ez da inoiz muga izan: «latinez ziren hasierako obra gehienak. Gero euskaraz, errusieraz, ingelesez, alemanieraz, italieraz... abestu izan dugu. Nola esan behar den ondoan idatzi eta moldatzen gara».
Abesbatzako kide kopurua izan da bide berriak lantzeko arrazoia: «desoreka handia dago emakume eta gizonezkoen artean. Gaur egun, berrogeita lau gara koruan eta hamalau baino ez gara gizonezkoak. Hori ikusita, azkeneko emanaldietan izan dira emakumeek bakarrik abestu dituzten kantuak».
Pandemia
Espero ez zuten egoera bati ere aurre egin behar izan zioten 2020an: «pandemia etorri zen eta egoera kritikoa izan zen abesbatza askorentzat». Beraiek harro esan dezakete «eustea» lortu zutela, baina ez zela erraza izan aitortu du: «esfortzu handia zen, entseguak musuko bereziekin egiten genituen eta kantatzeko itogarria zen». Abesten segitzeko gogoa gailendu zen, ordea, traba guztien gainetik.
Zuzendari berria
2023ko urrian zuzendu zuen azkeneko kontzertua Nekane Piñuelak. Vinaixa Gartzia hernaniarrak hartu du orain lekukoa: «Peru Harrin egin genuen kontzertua ikustera gonbidatu genuen, proposamen bat egin eta segituan eman zigun baiezkoa». Azaro hasieran egin zuten lehendabiziko entsegua elkarrekin eta lanean ari dira geroztik.
Duela lau hilabete hartu zuen Nekane Viñuelaren lekukoa Vinaixa Gartzia hernaniarrak. Leitzara ailegatu zenean: «oso batua dagoen koru batekin» topo egin zuela nabarmendu du: «denek zentzu berean arraun egiten dute. Nabari da proiektuarekin segitzeko ilusioa dutela». Ez du nolanahiko erronka onartu: «zuzendari bakoitzak badu bere estiloa, lan egiteko modua... abesbatza bakoitzak ere bai. Talka antzeko bat dago hasieran eta elkarlanak funtziona dezan, konfiantza da gakoa». Zuzendariaren egitekoa, «abesbatza entzun eta hobetzeko moduak ematea da, dituzun erramintak aplikatzen jakitea».
Konpromisoa
Astean bitan izaten dute hitzordua Leitzako Udalak uzten dien lokalean, «eskertzekoa da udalak beti eman izan digun laguntza. Gaur egun, Leitzako Herri Aretoan elkartzen gara». Bertan hasten da magia, «milaka orduko lana. Abesbatza bat ez baita oholtzara atera eta kantatzea, askoz gehiago da. Ordu asko, anekdota asko... bizipen asko. Nire kasuan bizitza oso bati lotutako bizipenak dira».
Urteurreneko ekitaldiak
Abesbatzaren 50. urteurrena ospatzeko zerbait berezia egitea bururatu zitzaien eta «argi izan genuen halabeharrez musikarekin lotua egon behar zuela antolatzen genuenak». Duela bi urte hasi ziren antolaketa lanekin eta «lau ekitaldi izanen dira azkenean». Lehenbizikoa martxoaren 17an izanen da 19:00etan Leitzako Elizan: Iruñeko Aizaga abesbatza eta Sinfonía Navarra orkestrako kideekin Fauréren Requiema interpretatuko dugu». Ekitaldira sartzeko hamabost euro ordaindu beharko dira.
Iruñeko Orfeoia
Maiatzaren 4an Iruñeko Orfeoiarekin emanaldi berezia eskainiko du Jeikik. Ekitaldi horretarako harriari buruzko kantu bat sortzeko eskatu diogu konpositore bati, harrizko txalapartarekin joko dituzte zati batzuk eta orduan eginen dugu estreinaldi ofiziala». Ez da izanen emanaldiko berezitasun bakarra: «Leitzako txistulariek ere parte hartuko dute eta bi kanta elkarrekin abestuko ditugu Jeikik eta Iruñeko Orfeoiak. Kanta horietako bat Vinaixa Gartziak zuzenduko du eta bestea Igor Ijurrak, Iruñeko Orfeoiko zuzendariak.
Ekainean festa
Ekainaren 15ean, Jeikiren bueltan festa handia antolatuko dute, «herri osoa jai giroan sartzea nahi genuke». Leitzako plazan emanaldi berezia eskainiko dute eta gonbidatu bereziak izanen dituzte: «Lesakako Musika Bandak, Leitzako Jeiki abesbatzak, Leitzako txistulariek, Aurrerako dantzariek, Leitzako erraldoi eta buruhaundien konpartsak, gaiteroek eta bertsolariek parte hartuko dugu». Jeikiko abesbatzako kide izan diren guztiekin ere zerbait berezia prestatu nahi dugu: «berrogeita hamar urte hauetan, 120 lagun inguru ibili gara Jeikin».
Iruñeko Ganbera abesbatza
Udazken atarirako gorde dute Jeiki abesbatzaren urteurreneko azken ekitaldia izanen dena. Irailaren 21ean, Iruñeko Ganbara abesbatza gonbidatu dute eta Leitzako Herri Aretoan eskainiko dute kontzertua.
Erakusketa Herri Aretoan
Horretaz gain, erakusketa bat antolatzeko asmoa ere badute Leitzako Herri Aretoan: «urte hauetan guztietan ateratako argazkiak jarri nahi ditugu ikusgai eta bilketa lana egiten ari gara. Txapelketetan erabiltzen genituen garai bateko jantziak ere ikusgai jarri nahi ditugu».
Ekitaldien gastua
Maila honetako ekitaldiak antolatzeak, gastu ekonomiko bat ere badakar berekin. Horri aurre egiteko Nafarroako Gobernuak ematen duen aukera baliatu eta Mekna kanpainan aurkeztu dute proiektua. 150 euroko ekarpenak eskatu dituzte eta dagoeneko 115 lortu dituzte: «horrek diru poltsa bat osatzeko aukera eman digu». Ekarpena egiten dutenei errenta aitorpena egiten dutenean % 80a itzultzen dietela azaldu du: «guk 150 euro jasotzen ditugu, baina jendearen poltsikotik 30 euro ateratzen dira». Aurten laguntza eman dietenei eskertzeko, «lau emanaldietarako sarrerak oparituko dizkiegu». Abesbatzak antolatu ditzakeen ekitaldi desberdinak finantzatzeko garaian, bide bat ireki diela ikusita, «aurten ere proiektua bultzatuko duten laguntzaileen bila ari dira».
Etorkizuna
Abesbatzako kideak etorkizunera begira jarriak daude eta orain arte bezala bizirik nahi dute Jeiki. Horretarako, taldekide berriak lortzea izanen da erronka handiena: «berrogeita lau gara gaur egun. Emakumeak gehiago dira. Gizonezkoetan oso eskas gabiltza, 14 gaude. Desoreka badago eta adinean gora goaz. Asmatu behar dugu jendea erakartzen». Ez dira aukera txarra urteurreneko ekitaldiak, musikaren harra barruan duenari dantzan jartzeko. Ateak irekita dituzte abesbatzan: «ikusi, etorri eta proba dezatela zer den hau».