Negu hurbilak
Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Zubietan (Nafarroa) burutu dituzte errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan, gehienbat Anita Hualde, Ibai Juanikorena, Markos Juanikorena, Batixta Santesteban eta Beñardo Iparragirre. Haiekin batera, Jone Laspiur –2021eko Emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna– izan da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean. Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendariek osaturiko Negu Kolektiboaren lehen fikziozko lana da honakoa, eta Maluta* films eta Cornelius Films izan ditu ekoizle.
Pobres criaturas
Giórjos Lánthimos zine zuzendari greziarrak 2023an kaleratutako filma da Pobres Criaturas (Poor Things jatorrizko bertsioan). Alasdair Gray idazle eskoziarrak 1992an idatzitako izen bereko eleberrian oinarrituta dago. Bella Baxter izeneko emakume bitxi baten bizipenak kontatzen ditu. Godwin Baxter doktore zientzialariak berpiztutako neska gaztea da Bella. Baxterren babespean, Bella ikasteko irrikaz dago. Falta zaion munduaz gosetuta, Bellak Duncan Wedderburn abokatu sofistikatu eta maltzurrarekin, ihes eginen du kontinenteetan barrena abentura bizian. Bere garaiko aurreiritzietatik aske, Bella irmo bihurtzen da berdintasuna eta askapena defendatzeko helburuan.
Hainbat sari eta izendapen lortu ditu filmak. Banatu berri dituzten Oscar sarietarako hamaika izendapen zituen eta lau sari eskuratu dituzte. Tartean, Emma Stone protagonistak irabazitako emakumezko aktore onenaren Oscar saria.