Palestinarren aldeko elkartasun aktiborako deiak erantzun zabala izan du Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 6a, 16:00

Palestinako herriari diruz laguntzeko kanpaina jarri dute martxan Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak eta Leitzako hainbat eragilek. Martxoaren 3rako ekitaldi berezia antolatu zuten. Bi orduz elkartasun aktiborako deia egin zieten herritarrei eta erantzun zabala izan zuen deialdiak. Ekarpenak egiteaz gain, ekitaldia girotzen ere aritu ziren herritarrak. Herri kirolak, bertsolariak, Jaiki abesbatzaren emanaldia, musika, dantza... izan ziren eta ekimen artistikoa ere sortu zuten Palestinako banderaren koloreko objektuak erabiliz. Argazkiak: Ibon Azpirotz

Bildutako diruarekin bi dira lortu nahi dituzten helburuak. Alde batetik, Mundubat GKEren bitartez, Gaza berreraikitzeko proiektu humanitarioak bultzatu nahi dituzte. Bestetik, Palestinako legelarien ekimena diruz lagundu nahi dute, Nazioarteko Zigor Gorteko fiskalaren aurrean Israelgo agintari militarrek egin dituzten gerra eta gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko. Martxoaren 9ra arte diru-bilketa egiten segiko dute Kaxkabeltza Elkarteko ostatu eta komertzioetan eta Torraspapel fabrikan jarritako kutxetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun