Badira bost urte pasatxo etxeko txikienen eskutik herriko haur eskolan gure ibilbidea hasi genuenetik. Hortxe hasi zen gure egunerokoa aldatzen, goizean goiz esnatu, prestatu eta eskolarako bideari ekinez. Ikasturte hasiera guztietan, egokitzapen garai gorabeheratsu bezain zirraragarri bat bizi izan dugu, bertako hezitzaile eta langileen profesionaltasun eta goxotasunak lagunduta aurrera eraman duguna. Hala ere, hasierako asteak pasata, ondorengo hilabeteak gozamen hutsa izan dira urtero.
Gure seme-alaben bizitzako lehen erronkak lortzeko gune aparta izan da haur eskola, umeak ardatz izanda beraien garapena eta ezagutza lantzeko toki egoki bezain atsegina. Bertan, hezitzaile, familia eta ikaskideek ere izan dugu garapen honetan laguntzeko aukera. Haurrak erdigunean jarriz, beraien beharretara egokitutako jolas, tailer eta ekintza ugari izan dituzte umeek aukeran. Horrez gain, garrantzitsua izan da guretzat, haur eskolak etxeko txikienak naturarekin lotzeko izan duen konpromisoa. Ingurunearekiko hurbiltasun honek umeei, ikertu, ikasi eta gozatzeko aukera paregabea eman die gune itxi batetik kanpora.
Aipagarria da hezitzaileek familiekin daukaten komunikazio zuzena ere. Egunerokoan partekatzen dute familiek behar dugun informazioa, modu apal, garden eta goxoan.
Esandako honengatik guztiagatik, pozik hartu genuen duela aste batzuk Nafarroako Gobernuak 0-3 zikloaren doakotasuna bermatuko zuela adierazi zuen berria, ezinbestekotzat jotzen baitugu bizi garen gizarte honetan kalitatezko eta doako zerbitzu publikoak egonkortzea.
Aldiz, bolo-bolo dabil azken egun hauetan, Nafarroako Gobernuak eskola publikoetan 2 urteko gelen sorrera abian jarriko duela hilabete batzuk barru. Egia esan, ez dugu ulertzen, eskola espazio, hezitzaile, metodologia eta baldintza egoki guztiak bermatzen dituen sistema bat kendu eta oraindik ere prestatu gabe eta baldintza egokiak betetzen ez dituen beste sistema bat nola jar daitekeen martxan urte batetik bestera.
Hori gutxi balitz, 2 urteko haurrak Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean zati ñimiño bat izatera pasako lirateke, beraien espazio propioa galduz eta haundi gelditzen zaien beste gune eta egoera batera eramanez. Honek guztiak, euren garapena baldintzatu eta atzeratzea ekarriko luke, ez liratekeelako garaian garaiko arreta eta beharrak ziurtatuko.
Eta, zergatik hau dena? 0-3ko Plataformak aipatzen duenez, erabaki hau arrazoi nagusi bat dela medio hartu du Nafarroako Gobernuak. Argi esanez, merkeagoa delako. Dakigunez, jaiotze tasa asko jaitsi da azken urteotan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetan plaza baino irakasle gehiago daude. Horrela ez lituzkete 0-3 urteko hezitzaileak publifikatu beharko eta Lehen Hezkuntzako soberakinekin beteko lituzkete gure txikitxoen 2 urteko gelak.
Beraz, hau da gaur egun aurrean daukagun egoera. Gure eskuetan geratzen da hemendik aurrera haur eskola publikoak defendatu eta orain arte egindako lanari segida ematea, 2 urteko gelen sorrerari ezezko borobila emanez eta Nafarroako Gobernuaren erabaki okerren aurrean tinko mantenduz. Bestela, doakoa garesti irtengo zaigulakoan gaude.