Martxoak 8 (2024)

Martxoaren 8aren bueltan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Leitzako eragileek

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 5a, 15:00

Martxoaren 8an, iluntzean, manifestazioa antolatu du LaƱaidek.

Isilarazi matxismoa goiburupean, egitarau zabala osatu dute Leitzan datozen egunetarako. Martxoaren 6an Atekabeltzen eginen duten kafe tertulia izanen da Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu duten lehenbiziko ekitaldia. Biharamunean, dokumental emanaldia eta mahai ingurua izanen dituzte eta martxoaren 8an, Korrika morea batukadarekin, Txanogorritxu rock antzezlana eta iluntzean, Lañaidek deitutako manifestazioa.

Leitzako eragile desberdinek, beraien alea jarri nahi izan dute egitaraua osatzeko orduan eta nabari da azken emaitzan.

Martxoaren 6an, asteazkenean, Lañaidek taldearen eskutik heldu da proposamena. Kafe tertulia antolatu dute 17:30etik aurrera Atekabeltzen.

Martxoaren 7an, ostegunean, Sasiak eta haziak. 7 bizipen, 11 errealitate dokumentalaren emanaldia eta mahai ingurua antolatu du Leitzako Berdintasun batzordeak. Herri aretoan egin dute hitzordua 18:00etatik aurrera. Arantxa Iparragirre Baleztena, Gotzone Sestorain Zabaleta, Lañaidek, Maite Arrizurieta Bildarraz eta Maite Villabona Zabaleta izanen dira hizlariak.

Martxoaren 8an, ostiralean, Korrika Morea antolatu dute Erleta eskolak eta Amazabal institutoak. Batukadarekin girotuko dute ekitaldia eta 13:00etan aterako dira eskola ingurutik. Bukaeran ekitaldia eginen dute eskolan. Arratsaldean, Txanogorritxu rock antzezlana ikusteko aukera izanen da Herri Aretoan 18:00etatik aurrera. Denok Guraso Elkarteak antolatu du ekitaldia eta sarrerak Maimurren eros daitezke edo egunean bertan Herri Aretoan 17:30etik aurrera. Eguna bukatzeko, 19:30ean manifestazioa abiatuko da plazatik. Lañaidek antolatuta, Guk ez dugu sistema hau zainduko esaldia jarriko dute manifestazioaren hasieran joanen den pankartan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun