ALAITZ ESKUDERO BERGARA

«Korrika da Euskal Herrian gehien hunkitzen nauen ekimena»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 2a, 11:00
Alaitz Eskudero Korrikako lekukoarekin eskuetan.

Goizuetako Korrika zalea. Halaxe deskribatu du bere burua Alaitz Eskudero Goizuetako gazteak. Ilusio hori argi erakusten du lekukoa eskuetan duela ageri den argazkiak. Korrikari buruz, euskararen egoerari buruz, kulturaz, Goizuetaz... hitz egin dugu berarekin.

Jaiotetxeak eman dio ezizena eta Alaitz Portolokoa bezala ezagutzen dute Goizuetan. «Saltsa guztietan parte hartu nahi izaten duen neska» dela esanez aurkeztu du bere burua eta Goizuetan horretarako aukerak ez dira gutxi izaten. Herri izaera «handia» dute bertan eta horren erakusle da, «zerbait antolatzen denean ia herri osoa inplikatzen dela modu batera edo bestera. Gainera, adin tarte desberdineko jendea nahasten da. Esango nuke hori ez dela herri guztietan pasatzen». 

Herrigintza

Herri giro polita nabari da kanpotik eta gaineratu du «are politagoa dela barrutik bizita. Herritarrek eta bertakoen arteko harremanek egiten dute polita herria». Hori lortzeko, herrigintzan ari den jendea egotea funtsezkoa dela uste du eta bere aletxoa jartzen saiatzen da Alaitz: «Gazte Asanbladan eta Gure Esku Dagon ibilia naiz. Gaur egun, Goizutrail edo Kultur Taldean nabil. Hasiera batean gazte bezala genituen kezkak, interesak eta proposamenak aurrera eramateko asmoarekin eta gero gai zehatzagoak aurrera eramateko. Asko betetzen nau herrigintzak. Herria hobeki ezagutu eta maitatzeko aukera ematen baitit». 

Afizioak

Musika zalea ere bada: «ttikitatik entzun izan dut musika asko. Musika eskolan ere ibili nintzen eta musika mota desberdinak ezagutu eta entzutea asko gustatzen zait». Musika, «emozioak gestionatzeko» bitarteko bezala darabil eta hala, «lasaitzeko, barrenak hustu eta dantzatzeko aukera» ematen dio. 

Argazkilaritza ere oso gogoko du: «beti gustatu izan zait argazkiak ateratzea». Lasai eta patxadatsu itxura izan arren, aitortu du bere burua oso azkar doala beti, «mila gauza, proiektu eta kezka izaten ditut buruan, eta argazkilaritzak, musikak ere bai, burua gauza bakar batean zentratzen laguntzen dit». 

Euskal kulturaren zalea

Euskararen bueltan ekitaldiren bat baldin bada ere, ez da urruti izaten Alaitz:  «bertsoak direla, kontzertuak, antzerkia edo hitzaldiren bat… agendan beti izaten dut txoko bat halako ekitaldietarako. Asko gozatzen dut jende sortzailea ikusi eta entzuten». 

Euskara maite eta euskaraz bizi da Alaitz, «Goizueta oso herri euskalduna da. Batez ere gazteen artean osasuntsu ikusten dut euskara, baina kezka sortzen dit umeen eta helduen artean elkarrekin gazteleraz hitz egiteko ohitura handitzen ari dela ikusteak». Adibide garbi bat jarri du mahai gainean: «erdaldun baten aitzakian, bost lagun euskaldun erdaraz sumatzeak min ematen dit belarrian, baina oraingoz, hori ez da joera orokorra Goizuetan». 

Korrika herritik

Korrika herritik pasatzekoa dela jakin zuenean, «arrunt pozik» hartu zuen berria: «loteria ttiki bat tokatzea bezala izan da 15 urteren ondoren, berriz, Goizuetatik pasako dela jakitea». Beretzat bakarrik ez, «herrian ere ilusioa sumatu da. Horren erakusgarri da zenbat kilometro saldu diren». Korrika, «euskal komunitatea mugitu eta sendotzeko erreminta ikaragarria» dela iruditzen zaio: «edizio bakoitzean pentsatzen dut, akaso, Korrika izango dela Euskal Herrian gehien hunkitzen nauen ekimena». 

Aurreko urteetan Basakabi eta Ezkurra artean, kilometro batzuk egindakoak dira eta barre artean egin du aitortza: «azkeneko edizio guztietan maldan beheiti tokatu zaigula esango nuke, eta eskertzen dut! Korrika zalea bai, baina ez bainaiz oso lasterka ibiltzeko zalea edo abila behintzat». Lasterka ibili soilik ez, lekukoa ere eraman izan du eta momentu horretan sentitutako emozioa nabarmendu du: «poz handia ematen du hainbeste esku eta kilometrotan barna hamar egun eta gauez gelditu gabe dabilen lekuko hori zure eskutan hartzeak. Korrikak sortzen duen emozio horren guztiaren parte izatea oso ederra da». Korrikako batzordean ere badabil: «Hogei bat lagunek osatzen dugu batzordea. Perfil desberdineko jendea elkartu gara, ilusio eta gogo handiarekin eta martxa ederrean doa dena». Herritarren erantzuna ere bikaina izan da: «kilometroen salmenta arrunt ongi joan da. Erronka handia genuen eta ikaragarria izan da eman duten erantzuna. Dauden kilometroak baino gehiago saldu dira denbora gutxian, 29 guztira, eta azkenean 800 metroko kilometroak egingo ditugu». 

Berak argi du garrantzitsua dela Korrikan parte hartzea eta hainbat arrazoi aipatu ditu horretarako: «AEKri laguntzeaz gain, komunitate izaera indartu eta euskararekiko kontzientzia sortzeko balio dutela uste eta espero dut».

Oinetakoak eta petoa prest izanen ditu dagoeneko eta bitartean, Korrika kulturalaren aitzakian, ez zaitezte harritu Goizuetan edo beste herriren batean Alaitz ikusten baduzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun