Yala Nafarroak salatu du Israel Palestinako herriaren gaineko «genozidioa» gauzatzen ari dela. Datuak jarri dituzte mahai gainean: «dagoeneko, 29.000 pertsona baino gehiago hil dira Palestinan Israelen bonbardaketak hasi zirenetik, eta egoerak ez du etenik. Horietatik %70 emakumeak eta haurrak dira, eta, gutxienez, 1,9 milioi pertsona, biztanleriaren %75 baino gehiago, Gazako lerroan desplazatuak izan dira».
Egoera larri honen aurrean, Nafarroan elkartasun aktiboa garatzeko kanpaina jarri dute martxan. Herritarrei jarrera aktiboa hartu eta ekarpen ekonomikoak egitera bultzatuz. Bildutako diruarekin bi dira lortu nahi dituzten helburuak. Alde batetik, Mundubat GKEren bitartez, Gaza berreraikitzeko proiektu humanitarioak bultzatu nahi dituzte. Bestetik, Palestinako legelarien ekimena diruz lagundu nahi dute, Nazioarteko Zigor Gorteko fiskalaren aurrean Israelgo agintari militarrek egin dituzten gerra eta gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko.
Leitzako eragileen babes zabala jaso du ekimenak eta hauek dira dinamikari atxiki zaizkionak: EHME, Jeiki abesbatza, Lañaidek, ALKE, Aurrera Elkartea, LHL, Atekaberts Bertso Eskola, Gazte Asanblada, Kaxkabeltza Elkartea, LeitzEKO EBK, LeitzEKO, Habelarte, Ernai, Sastrakak, Leitzako Sare Herritarra, Atekabeltz Herrigunea, LAB Torraspapel, ELA Torraspapel, Torrea, EHBildu Leitza, EA Leitza eta Sortu Leitza.