Martxoaren 1ean jarri dute martxan zerbitzua eta momentuz, prestatutako janari eskaintza, erosketak egiteko zerbitzua, etxeko lanak eta zaintza zerbitzua eskainiko dituzte. Elkarteko kideek azaldu dutenez, pausoz pauso joatea da asmoa, «egiten dena ongi eginez». Aurrerago eginen dute jendaurreko aurkezpena, «lehenengo pauso hauek eman eta erakusten digutena ikasten saiatu ondoren».
Zaindu Leitzaldea proiektuak Leitzako Udalaren, LAGA Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen, Leitzako Jubilatuen Elkartearen eta Cederna Garalurren babesa du eta proiektuan lagundu eta parte hartu nahi duten pertsona guztiei irekia dago. Hasieratik, Caja Navarra Fundazioak eta LaCaixa Fundazioak antolatutako Innova Programaren laguntza izan dute proiektua martxan jartzeko.
Proiektu hau Leitzako Udalak zaintza ereduaren inguruan hasi duen parte-hartze prozesu orokorrean txertatuko dela ere azaldu dute:«nola zainduak izan nahi dugun modu komunitario batean erabaki ahal izateko». Parte-hartze prozesu horretan biltzen diren ondorioen eta atzematen diren beharren arabera bideratuko dute Zaindu Leitzaldea proiektua.