Jon Egizabal leitzarra mendi bizikletako munduko kopan lehiatzen hasi da

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 1a, 18:30

Jon Egizabal munduko kopako proban parte hartu zuen Valentzian.

Joan den urtean mendi bizikletan Nafarroako txapeldun izan zen junior mailan Jon Egizabal leitzarra eta aurten, munduko kopako lehen proban parte hartu zuen otsailaren 18an Chelvan (Valentzia).

Jon Egizabalek Karrape irratiari aipatu dionez, «aurreneko esperientzia izan da munduko kopan, baina espero dut azkenekoa ez izatea». Hasieran erritmoa hartzea kosta bazitzaion ere, azkenean ehun txirrindulariren artean 37. postua lortu zuen. «Postuarekin pozik, baina sentsazio onik aurkitu gabe, karreran zehar gozatu gabe» bukatu zuen proba Egizabalek.

Hemendik aurrera, ikasketen arabera parte hartuko du munduko kopako probetan, baina beste bi konpetizio ere baditu azpimarratuak: Nafarroako txapelketa, maiatzean edo ekainean eginen dena eta Espainiako txapelketa uztailaren 19an Huelvan.

Jon Egizabal gaur egungo Nafarroako txapeldun da junior mailan eta titulu hori defendatzen saiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun