Arantzazu Lizartza leitzarrak irabazi du Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 29a, 10:00
Arantzazu Lizartza saria eskuetan duela.

Poesia sailean aurkeztutako Ez-lekuak poema-liburuarekin lortu du epaimahaiaren saria Arantzazu Lizartza Saizarrek. Lehiaketara aurkeztu dituzten hamabi poesia lanetatik hoberena leitzarrarena dela erabaki dute epaimahaiko kideek eta honakoa nabarmendu dute: «egileak gaurkotasuna eta egunerokotasuna erakusten ditu oreka eta desorekaren arteko pultsua agerikoa den indar handiko poemen bidez». Otsailaren 22an egin zuten sari-banaketa ekitaldia eta 2.500 euroko saria eskuratu eta Iruñeko Udalaren Egile Berriak bilduman argitaratuko dituzte bere poemak.

Iruñeko Udalak antolatzen duen lehiaketaren hogeita hamahirugarren edizioa zen aurtengoa. Narrazio labur eta poesia sailetan aurkez daitezke lanak eta aurten denera, hogeita bat idazlan aurkeztu dituzte sariketara. Hamabi poesia-liburu eta bederatzi narrazio.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Maider Beloki Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Iñigo Gomez Alorreko zuzendariak banatu dituzte sariak eta akzesita bi kategorietara aurkeztutako lan onenen artean. Narrazio laburretan epaimahaiak Iñigo Satrustegi Andresen Oheak gordetzen duena aukeratu zuen lehen sarirako. Epaimahaiaren hitzetan: «egileak heldutasunez jorratzen ditu familia baten bizipenak, sekretuak, ezkutuko gatazkak eta miseriak». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun