Futbol zelaiko proiektua «elkarrekin bultzatzeko» deia egin du Leitzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 27a, 19:00

Jende ugari bildu zen Udaletxeko Batzar Aretoan.

Arkiskil futbol zelaiaren egoera zein den argitu eta eman beharreko pausoak azaltzeko, batzarra egin zuten otsailaren 26an Leitzako udaletxean. Jakin-mina handia zen eta Aurrera Elkarteko ordezkariak, jokalariak eta taldeko kideen gurasoak bertaratu ziren. 

Udalarentzat lehentasunezko proiektua dela nabarmendu zuen alkateak: «gure esku ditugun bitarteko guztiak erabiltzeko prest gaude». Hala ere, azken erabakia ez da beraiena: «800.000 euro inguruko inbertsioa beharko litzateke belar artifiziala jarri, argiteria aldatu eta aldagelak berritzeko. Diru kantitate handia da eta hori egin ahal izateko ezinbestekoak dira Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak». Oinarrizkoa litzateke, «aurrekontuetan Arkiskilgo proiektuarentzat partida bat zehaztuta egotea». 

Herritarren babes zabala du Arkiskil zelaiaren proiektuak.

Momentu honetan, Nafarroako Parlamentuko aurrekontuetako aurreproiektuan ez dute sartu: «dena den, etorkizunean lortu daitekeen zerbait dela uste dugu». Proiektuak herritarren babesa duela bistakoa da, horregatik, orain:  «denek norabide berean, presioa egiteko indarrak batuta, lan egiteko garaia da. Iruñean arazoaren neurria zenbatekoa den argi erakusten asmatu behar dela» azaldu zuten. Asko dira landu daitezkeen bideak: sinadura bilketak, Parlamentuan agerraldiak... Udalak eta Aurrerak hitzartuko dute hori nola egin eta herritar guztiei eskatu diete orain arte bezala, egiten diren ekimenetan parte-hartze aktiboa izatea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun