Dena den, proiektua gauzatu ahal izateko Nafarroako Gobernuaren, administrazioen eta erakundeen ekarpena eta finantziazioa beharrezkoa dela argitu dute. Bide horretan, «administrazio eta eragile horiekin beharrezkoak diren harremanak eta kudeaketak bideratzeko konpromisoa hartu» dute. Helburua, «finantziazioa lortu eta ahalik eta azkarren obra gauzatu eta exekutatzea da». Aurrera Kirol Elkarteari, Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentua osatzen duten talde politiko guztiei eman diete hartutako erabakien berri.
Hainbat arrazoi
Proiektu honi lehentasuna emateko hainbat arrazoi nabarmendu ditu udalak eta horietako bat, Aurrera futbol taldeak herrian duen jokalari kopurua izan da: «azkeneko urteotan inoizko parte-hartzerik zabalena lortu du Aurrera Futbol taldeak. 2023-2024 denboraldian 211 futbolari ari dira, lau eta hogeita zortzi urte arteko neska-mutilak. Herrian dinamika handia sortu da futbolaren bueltan eta jokalariak nahiz haien familiak bete-betean inplikatu dira».
Futbol zelaiaren ezaugarriek, ordea, eta bereziki belar naturaleko zelaia izateak, jarduera hori erabat murriztu eta mugatzen dute: «zelaiaren egoera oso-oso txarra izaten da askotan, negu aldean bereziki. Zelaia erabat lokaztuta egoten da eta oso nekeza da bertan jokatzea. Zenbaitetan, partidak bertan behera utzi behar izateraino». Baldintza horietan jokatzeak, «lesionatzeko arriskua ere handitu» egiten duela aipatu du.
Entrenatzeko orduan ere ezin dute zelaia erabili eta kiroldegian edo eskola-eremuan entrenatu behar izaten dute, «horrek entrenamenduen kalitateari dakarkion kaltearekin, ezin baitute entrenatu gero jokatuko duten tokian». Beste erabiltzaileei ere eragiten die egoerak: «kiroldegiko espazioa konpartitu behar izaten dutelako askotan».