Aurten hondakin organikoen % 50 bereizita kudeatzeko helburua jarri du Mendialdea Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 18a, 09:00

«Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plana aurrera ateratzeko» lanean ari dira Mendialdea Mankomunitatea eta inguruko udalak. Legeak ezarritakoa bete nahi dute, «hondakinak sortzea prebenituz eta kudeaketa hobetuz» eta ondoko urteetarako helburuak jakinarazi dituzte: «2024an hondakin organikoen % 50 bereizita kudeatzea eta 2027an % 70 bereizita kudeatzea».

2023ra arte etxean konposta egiteko edo auzoko konposta guneak erabiltzeko aukera izan zuten Mendialdeko herritarrek. Joan den urte hasieran, berriz, 2023ko urtarrilean, edukiontzi marroiak eskualdeko herri handienetan zabaltzen hasi ziren. Eta urte bukaeran, «Nafarroako Hondakinen Funtsaren dirulaguntza eta MITERD dirulaguntza baliatuz, mankomunitateak organikoa biltzeko kamioi berria erosi zuen, baita kaleko edukiontziak eta etxeetan organikoa bereizteko kuboak eta poltsa konpostagarriak ere».

«2023ko azaroan eta abenduan edukiontzi marroiak behin betiko ezarrita, lehendabiziko fasea» hasi zutela jakinarazi du mankomunitateak. Hala, gaur egun, hondakin organikoak bereizita kudeatzeko hiru aukera dituzte Mendialdean: etxeko konpostajea, auzoko konpostajea eta edukiontzi marroia.

Heldu den astean hasi eta datozen bi hilabeteetan kanpainaren bigarren fasearekin hasiko direla kontatu du mankomunitateak. Helburua herritarren % 50ek parte hartzea izanen da, gisa honetara, «sistemaren arrakasta lortzeko». «Organikoaren bilketa ongi ateratzeko guztion parte hartzea beharrezkoa dela» gaineratu du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun