Mikaela izan da Sastineko martxa azken urteetan eraman duena, bere aurretik Juanita eta Martina egon ziren. Beraz, emakumeak izan dira egunerokoan taberna eta dendari eutsi diotenak.
Berrehun urteko historia
Data zehatzik ez dute eskura, baina 1822 urtearen bueltakoak dira bildutako lehenbiziko erreferentziak; berrehun urte baino gehiagoko historia du, beraz. Historia luzea eta bertan bizitako istorioak ere milaka.
Etxebizitzaren erdiko solairuan taberna eta behekoan ukuilua zegoen garaiak ekartzen dituzte herritar askok gogora: «sarreran barra luzea zegoen eta aurrera segi eta etxeko sukaldea. Sukalderaino sartzen ginen eta han zegoen mahai luzean eserita egoten ginen pipak jaten». Juanitaren ganbaran denetarik egoten zela ere nabarmentzen dute: «zerbait eskatu, galtzerdiak, espartzinak... berdin zuen, eta ez dakit nola egiten zuen, baina ganbarara igo eta minutu gutxian eskatutakoa ekartzen zizun».
Herritarrei zerbitzu bat eskaintzetik haratago, herritarren bilgunea ere izan da. «Kafe bat edo ardo bat edatera edo ogiaren aitzakian... egunero tabernara joan eta Mikaelarekin kontu-kontari egoten ginenak asko ginen». Gaztexeagoek, Mikaelaren kroketekin eta goxokiekin lotzen dute Sastine. Hutsunea nabaritzen hasiak dira dagoeneko herritarrak eta aldaketa handiena barraren atzeko aldean zegoenak sumatuko du. Mila esker emandako guztiagatik eta zorte on!