Espainiako lehen mailako klub arteko txapelketaren laugarren jardunaldia Goizuetan jokatu du Umore Onak igande arratsaldean Gasteizko Txukun Lakua liderraren kontra. Hiru jardunalditan partida bakar bat ere galdu gabe zetozen gasteiztarrak Goizuetara, seitik sei irabazita, baina Goizuetan biak galdu zituzten. Honela, Umore Ona lider da orain 15 punturekin, Najerino taldearekin berdinduta.
Buruz buru Egiguren ordezkatu zuen Umore Onako Eñaut Lizeagak 2-1 irabazi zion Txukun Lakuako Iribarreni. Lehen jokoa 5-10 irabazi zuen Tukun Lakuakoak, baina bigarrenean 10-7 gailendu zen Umore Onako pilotaria eta kitarakoa ere 5-1 irabazi zuen.
Binakako partida ere berdintsu joan zen. Lehen jokoan Txukun Lakuako Uribe eta Markaldak 4-10 irabazi zieten Umore Onako Beñat eta Antton Apezetxeari. Bigarrenean, ordea, 10-4 irabazi zuen Goizuetako bikoteak eta kitarakoan, hutsean utzi zituzten gasteiztarrak (5-0).
Honela, sailkapenaren buruan daude orain Umore Onakoak, 15 punturekin, lehen jardunaldian arerio izan zuten Najerino taldearekin berdinduak. Orduan partida bana irabazi zuten eta geroztik, jokatutako guztiak irabazi dituzte bai Naiarakoek baita goizuetarrek ere.