Udalak adierazi duenez, «Leitza 3.023 biztanlez osatutako herria da, eta bertan bizitzeko, oinarrizko zerbitzuak bermatuak behar ditugu ezinbestean. Horiek izan ezean, zaila suertatzen baita herri honen eta bertako herritarren bizi kalitatea modu duinean gauzatzea».
Oinarrizko zerbitzuen artean, «gure osasuna zaindua izatea ezinbestekoa da. Leitzan bertan artatuak izateko eskubidea ziurtatu behar zaigu. Osasun zentroa, beraz, behar diren profesionalez hornitua behar dugu momentuoro».
Zerbitzu horretako gabeziak «agerikoak direla» salatu dute, «batez ere pediatra lanpostuaren ezegonkortasuna. Egoera honek ziurtasun eza izugarria sortzen du, ez baitakigu pediatra noiz egongo den eta noiz ez. Atzo, esate baterako, ez genuen pediatrarik Leitzan, eta horrek ikaragarrizko hutsunea eta arazoa sortzen digu. Iruñeraino joan behar horrek dakartzan eragozpen eta zailtasun guztiekin».
Jakinarazi dutenez, «0-14 urteko 440 bat haur eta gaztetxo bizi dira herrian, eta horien oinarrizko eskubide unibertsala, osasun zaintza, erabat urratua da». Hori dela eta, Leitzako Udalak bat egin du herriko gurasoen eskaerekin, eta honakoa erabaki du:
-
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eskatzea behar diren bitarteko guztiak jar ditzala Leitzan pediatra zerbitzua lehenbailehen martxan egon dadin, une honetan sortu den hutsunea betez.
-
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari egoera hau behin betiko konpon dezala eskatzea, Leitzan pediatra lanpostua eta zerbitzua egonkortuz eta bermatuz.