23. Korrika

Korrikarako kilometroak saltzen ari dira Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 31a, 13:00

Herritik pasako da aurten Korrika, martxoaren 19an.

Goizuetako Korrika batzordeak deia zabaldu die oraindik zalantzan dabiltzan taldeei. Otsailaren 1era arteko epea jarri dute Goizueta eta aranoarrek hartuko dituzten kilometro kopurua zehazteko. Hortik aurrera ere izango da kilometroak erosteko aukera, baina salmenta orokorra irekiko denez, goizuetarrez gain, beste herrietakoek ere izanen dute lekukoa Goizueta eta Aranoko bidean hartzeko.  Interesa dutenek goizuetakorrika@gmail.com mezu bat bidali beharko dute taldearen izena eta kontaktu bat zehaztuz eta ondoren esanen zaie kilometro zehatza zein izanen den eta ordainketa nola egin behar den.

Urtarrilaren 11ko goizean egin zen publiko 23. Korrikako ibilbidea eta pozez jaso zuten goizuetarrek aurten herritik pasako denaren berria. Korrikaren bueltan antolatutako lehenbiziko batzordeetan ere nabaria zen herritarren jakinmina eta lanerako gogoa. Batean zein bestean, 20 lagunetik gora bildu ziren.

Petoak ere salgai jarri dituzte Amaia Kafetegian eta Estankoan, 6 euroren truke. Korrika iritsi bitarteko giroa berotu asmoz, hainbat kultur ekintza antolatzeko asmoa du batzordeak. Zenbait xehetasun lotzekoak dituzte oraindik eta dena zehaztu bezain pronto eginen da publiko egitaraua. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun