Umore Ona Ultzaman ere nagusi izan da Espainiako lehen mailako klub arteko txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 30a, 19:00

Espainiako lehen mailako klub arteko txapelketaren laugarren jardunaldian Txukun Lakua liderraren bisita izanen dute igandean Goizuetako Umore Onakoek.

Goizuetarrak bigarren dira sailkapenean eta igandean Txukun Lakua liderraren bisita izanen dute Goizuetan

Espainiako lehen mailako klub arteko txapelketaren barrenean, hirugarren jardunaldia Ultzaman jokatu zuen Goizuetako Umore Ona taldeak, Ultzamako Buruzgain taldearen kontra. Astebete lehenago Goizuetan bezala, Larraintzarren ere bi partidak irabazi zituzten Goizuetako klubeko pilotariek.

Buruz buruko partidan jaun eta jabe izan zen Umore Onako Eñaut Lizeaga eta bi jokoak erraz irabazi zizkion Buruzgain taldeko Mikel Mikelarenari.

Binakako partidan lan gehiago izan zuten Umore Onako Beñat eta Antton Apezetxea goizuetarrek. Horren erakusgarri, lehen jokoan 10-8 galdu zutela Buruzgain taldeko Ibai Iriarte eta Javi Murilloren kontra. Bigarren jokoan, aldiz, 10-4 irabazi zuten goizuetarrak eta kitarakoan ere 5-2 irabazi zuten Apezetxeatarrek.

Honela, lehen mailako hamar kluben artean bigarren postuan dago gaur gaurkoz Umore Ona, 11 punturekin. Gasteizko Txukun Lakua taldea dago sailkapen buruan, 12 punturekin.

Igandean liderra bisitari Goizuetan

Hain zuzen, Espainiako lehen mailako klub arteko txapelketaren laugarren jardunaldia Goizuetan jokatuko du Umore Onak Txukun Lakua liderraren kontra otsailaren 4an, igandean 18:00etan hasita. Buruz buru Umore Onako Egiguren, Txukun Lakuako Iribarrenen kontra ariko da eta binaka, Umore Onako Beñat eta Antton Apezetxea, Txukun Lakuako Uribe eta Markaldaren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun