Arte munduarekin lotura zuzena izan du betidanik Yoni Salaberria Zabalak. Bere barruko emozioei eta sentipenei «kanpora ateratzeko bidea» eman izan dio. Musikan ere badihardu azken hiru urteetan eta RIG3L izen artistikoarekin diskoa kaleratu berri du; Trap generoa euskaraz landu daitekeela erakutsiz.
Zer proposamen dakar RIG3L-ek?
Sad Trap generoa euskaraz jorratzen dut, Estatu Batuetako Soundcloud Rapper bizimodua Euskal Herrira gerturatzeko asmoz. Gitarra elektrikoak, sintetizadore ilunak eta perkusio elektronikoak dira nire lanaren ezaugarri bereizgarriena.
Noiztik zabiltza musikaren munduan?
Duela hiru urte hasi nintzen musikaren mundua arakatzen. Mexikora bidaiatu nuen eta, bertan bizitako gertakari larri batek, barruan sentitzen nuen korapilo hori ateratzeko beharra sortu zidan. Leitzako lagun batek musika sortzen zuen eta kasualitatez base mordoa bidali zizkidan. Berak ezer jakin gabe, bizia salbatu zidan. Mila esker Gorka.
Lehenbiziko diskoa kaleratu duzu. Nolatan eman duzu pausoa?
Egia esan, ez da egun batetik bestera egindako zerbait izan. Denbora neraman buruari bueltak eta bueltak ematen, lan luzeago bat sortzeko asmotan. Presio pixka bat ere jaso dut ingurukoengandik eta agian horrek ere lagundu dit.
Zer topatuko dugu disko honetan?
Nire erretratu garbi bat: familia, animaliak, oroitzapenak… eta noski, gertutasuna. Nire lana entzuten duen orok, gure baserriko tximinia alboan, babarrun plater bero bat jaten ari dela sentitzea nahi nuen. Lan etxekoi bat, su motelean egina.
Nolakoa izan da prozesua?
Abestiak aukeratzeko garaian, diskoaren osotasunari eman nahi izan diot garrantzia. Bidaia bat proposatu nahi nuen, entzulea hasieratik bukaerara eramanen zuena. Baziren bakarka hartuta asko gustatu zaizkidan proposamenak, baina proiektu honetarako ez zuten balio eta esku zorrotzez baztertu ditut. Bestalde, diskoaren barruan kolaborazio bat ere sartu behar nuela sentitzen nuen eta Ainhoa Zabaleta herritarrari proposatu nion elkarlan bat egitea. Oso gustura gelditu ginen emaitzarekin.
Nola definituko zenuke lantzen duzun musika estiloa?
Trap generoaren bereizgarri diren elementu asko aurkitu daitezke nire lanetan. Trap generoaren barnean badaude adar ugari eta nik Sad Trap edo Trap emozionala lantzen dut. Emozioak eta barne munduaren azterketa dira gai nagusiak.
Bidelagunak ere izan dituzu.
Internet eta sare sozialen eraginez, munduko txoko ezberdinetan dauden pertsonekin lan egitea asko erraztu da. Azeriak diskoan erabili ditudan instrumental gehienak, Londresko Mors lagunak eginak dira eta Oreretako Txuso ekoizleak egin du Parkean abestiko basea.
Zureak dira hitzak?
Abesti baten arima garrantzitsua da, baina arima hori hobeto ulertzeko letrak ere bere lana egin behar dute. Niri asko gustatzen zait puntu hau lantzea. Letrek nortasun propioa izan dezaten, beharrezkoa iruditzen zait lan hori norberak egitea. Egunerokotasuna, sentimenduak, beldurrak… Guztiok dugun barne mundu hori da inspirazio iturri onena niretzat.
Diskoaren azala zuk egina da?
Ahal nuen guztia nik egitea zen asmoa, naizen hori hobeki islatzeko asmoz. Azala, mix eta masterrak…egia esan, buruhauste batzuk ere izan ditut, ez da bidaia erraza izan, baina zailtasunak gaindituta gehiago baloratzen dut emaitza.
Bistakoa da artearen mundua beharrezkoa duzula...
Musika, margotzea, pintura... gustuko ditut, baina benetan gustuko dudana nire barne munduari kanpora ateratzen uztea da. Argi esan dezaket artea oso bide aproposa dela helburu horretarako.
Zein da 'Azeriak' diskoarekin zabaldu nahi duzun mezua?
Sinpleak diruditen gauzek nortasun handia izan dezaketela. Ez ditugula milaka euroko materialak behar sentitzen dugun horretara ailegatzeko eta hori errealitate bat dela. Azeriak diskoa honen guztiaren adibide garbia da.