Artikutzan bisita gidatua eskainiko dute urtarrilaren 28an

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 25a, 14:00

Eskastik abiatuko da ibilbidea.

Elutsako bistak eta Erroiarriko ur jauzia bisitatzeko aukera eskainiko dute urtarrileko azkeneko igandean. Elebitan eskeiniko dute bisita eta izena ematea beharrezkoa izanen da urtarrilaren 26a baino lehen artikutzanatura@donostia.eus helbidean edo telefonoz 679 61 30 16 deituta (11:00etatik 16:00etara). Sei urte arteko haurrek ez dute sarrerarik ordaindu beharko, sei eta hamabi urte artekoek 2,09 euro eta helduek  3,14 euro. Bertan ordaintzen da, eskudirutan.

Hamar kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute. Nahiz eta zailtasun teknikorik ez izan, komenigarria da mendirako zapata egokiak eta hotzerako arropa eramatea, baita jateko zerbait ere. 

Eskasetik abiatzen den ibilbide zirkular honek balizatutako bi bide elkartzen ditu. Eskasetik hasita Napar Bidetik abiatuko dira, Burnaiztegi leporaino. Handik Bidango zabalera iritsiko dira eta bertan harrespilak eta historiarreko aztarna batzuk ikusteko aukera izanen dute. Elutsako leporaino hurbilduko dira hamaiketakoa hartzera, tokiak eskaintzen duen Artikutzako basoaren ikuspegiaz gozatzen duten bitartean. 

Eskasera itzultzeko beheranzko bidea hartuko dute Elizmendiko bide nagusiarekin topatu arte. Bide honek Erroiarriko ur-jauzia ikusteko parada eskainiko diete eta izen bereko lats ederra ere bai. Egurrezko bi zubitxo zeharkatu eta gero gora eginen dute eta errepidera aterako dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun