Elite mailako eskuz binakako Master txapelketako lehen jardunaldia jokatuko dute Ania Oronoz eta Marie Goienetxe saratarrek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 19a, 20:00
Joan den urtean pilota goxoarekin txapeldun izan ondotik, pilota mistoko elite mailan lehen aldiz lehiatuko dira Goienetxe eta Oronoz saratarrak.

Igande eguerdian Eskoriatzan jokatuko den jaialdian, gazte mailan Alize Sagardui goizuetarra ere ariko da

Joan den urteko pilota goxoko txapelketan txapeldun izan ondotik, bertze urrats bat eman eta Emakume Master Cupek eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketan pilota mistoarekin elite mailako txapelketan parte hartuko dute aurten lehen aldiz Ania Oronoz eta Marie Goienetxe saratarrek. Lehen partida urtarrilaren 21ean izanen dute Eskoriatzan (Gipuzkoa), Miriam Arraiza eta Miriam Arrillagaren kontra.

Baina saratarren elite mailako partidaren aitzinetik, bertze bi ere jokatuko dituzte Eskoriatzan. Lehenengoan, pilota mistoko gazteen kategorian, Uxue Gomez eta Alize Sagardui goizuetarra, Aroa Lekerikabeaskoa eta Haizea Barainka bizkaitarren kontra ariko dira eta bigarrenean, pilota mistoko promesak mailakoan, Maialen Gaston eta Malen Mena bizkaitarrak, Arabako Maddi Ugalde eta Udane Ozaetaren kontra.

Denera bederatzi bikotek parte hartuko dute elite mailan, hiru multzotan banatuak. B multzoan ariko dira saratarrak, Arraiza-Arrillaga eta Arrizabalaga-Erasunekin batera. A multzoan Aldai-Zabala, Beitia-Mendizabal eta Uriarte-Capellan ariko dira eta D multzoan Garai-Oses, Etxegarai-Gaminde eta Ibarrola-Bergara. Multzo bakoitzean lehen postuan sailkatutako bikoteak eta bigarren onena sailkatuko dira martxoaren 3an Elgoibarren (Gipuzkoa) jokatuko diren finalerdietarako. Finalerdietako irabazleek martxoaren 17an jokatuko dute finala Arrasateko Uarkapen (Gipuzkoa) eta galtzaileek hirugarren posturako lehia astebete lehenago, martxoaren 10ean Laudion (Araba). Finalerdiak eta finala zuzenean emanen ditu Euskal Telebistak.

Elite mailan ariko diren pilotarietako batzuk, aurkezpenean.

 

Denera 72 pilotari

Baina pilota mistoko elite kategoriaz gain, bertze hiru kategoriatan banatuak ariko dira pilotariak binakako txapelketa honetan: pilota mistoarekin gazteak eta promesak ere ariko dira eta pilota goxoarekin maila bakarra, nagusiena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun