'Bidasoa 2018-2023' eta 'Napoleon' filmak emanen dituzte asteburuan Leitzako Herri Aretoan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 18a, 15:00

Bidasoa 2018-2023 dokumentalean giza eskubideez ariko da Fermin Muguruza.

Ilbeltzaren 20an eta 21ean bi proposamen izanen dituzte aukeran zinezaleek Leitzako Herri Aretoan.  Ohikoa denez, larunbatean eta igandean film berberak eskainiko dituzte karteldegian. 17:00etan Bidasoa 2018-2023 dokumentala botako dute eta 19:30ean Napoleon filma. Azkeneko hori larunbatean, jatorrizko bertsioan emanen dute azpitituluekin.

Bidasoa 2018-2023 Fermin Muguruzak zuzendutako dokumentala da. Bidasoa ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia ematen die eta bertan bizia galdu dutenak ere gogoan izanen dituzte. Izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutzeko aukera izanen dute ikusleek, modu honetan tragedia gizatiartuz.

Napoleon, berriz, Ridley Scott zuzendariaren azken proposamena da. 2023an estreinatu zuten zinemetan eta historia eta epika nahasten dituen film dramatikoa da. Napoleon Bonaparte enperadorearen eta Josefina de Beauharnais enperatrizaren arteko harremanean oinarritzen da. Aktore ezagunak agertuko dira pantailan Joaquin Phoenix, Vanessa Kirby eta Tahar Rahim. 

Saioetarako sarrerak aldez aurretik erosteko aukera izanen da kulturaleitza.eus webgunean: 17:00etako saiorako sarrera lau eurotan eta 19:30eko saiokoa bost eurotan eskura daiteke. Egunean bertan lehiatila saioa hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dute eta sarrerak bost eta sei euro ordaindu beharko dituzte, hurrenez hurren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun