Leitzako futbol zelaian belar artifiziala jartzeko eskatu du Aurrera Futbol Taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 16a, 15:30

Lokatza oinetan eta pankartak eskuetan. «Belar artifizialeko futbol zelaia eraikitzea» eskatu zuten Aurrera Elkarteko futbol jokalariek urtarrilaren 14an. Ez da eskaera berria eta argi diote, hori dela: «herriko gazteek futbolean aritzeko aukera izatea bermatzeko modu bakarra».

Aldaketarik egin ezean, Aurrerako futbol proiektua «kolokan» dagoela salatu dute eta hori, «herriarentzat galera handia izanen litzateke». Izan ere, 211 jokalari ditu aurten taldeak, lau urtetik hogeita zortzi urte bitartekoak, eta hogei entrenatzaile ari dira talde horiek gidatzen.

Harrobi horrek etorkizuna izan dezan, «Nafarroako Gobernuaren laguntza» behar dutela azpimarratu dute eta hori dela, «futbol proiektua lokatzetatik ateratzeko bide bakarra». Izan ere, duela hogeita bost urte egin zituzten Arkiskilen futbol zelaia eta aldagelak eta urte hauetan guztietan Nafarroako Gobernuak ez du inbertsiorik egin instalazioetan: «ez da dirulaguntzarik izan zelaiaren eta aldagelen egoera eta argiztapena hobetzeko».

Asteburuetako futbol partidetan soilik ez, entrenatzeko orduan ere arazoak dituztela azaldu dute: «zelaia ahalik eta egoera hoberenean mantentze aldera, neguan ez dugu zelaian entrenatzen». Kiroldegian aritzen dira eta hor ere toki arazoak dituzte: «pista bakarra dugu eta askotan bitan zatitu behar izaten dugu, momentu batzuetan hogei kadete eta hogeita bost jubenil aldi berean entrenatu behar direlako». Egoera tamalgarria dela diote: «jokaldiak prestatzeko espazio nahikorik ez dute izaten eta asteburuko partidak ailegatzen direnean, lokatza ia-ia gerriraino dutela, lesioak izateko arriskua handitzen da». 

Parlamenturaino ailegatu da auzia, «bazirudien dirulaguntzak onartuko zituztela, baina orain jakin dugu 500.000 euroko partida bat aterako dutela Nafarroa osorako». Zelaia aldatzeko aukera bertan behera uzten du horrek. Traba gehiago, lehendik ere nahikoa lokaztua dagoen aferan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun