Musika ezinbestekoa
Musikarik ez da behin ere falta izan beraien etxean: «haurrak kantari ez bada dantzan eta bestela instrumenturen bat jotzen aritzea ez da harritzekoa gure etxean. Txikitatik musikaz inguratuta bizi izan dira». Beraien ustez, haurren heziketan, «ezinbesteko pieza» izan behar luke musikak.
Euskal musikaren aldeko apustua egin dute beraiek eta oso presente izan dute etxean azken hamabost urteetan. Hori guztia «gorde eta haurrek ume garaiko oroitzapena izan dezaten» diskoa osatzea erabaki zuten. Hamaika abesti bildu dituzte: «gehienak herrikoiak edo beste artistenak dira, baina tartean bi gureak: bat haurrek eta Jonek niri, haurren amari, egindakoa eta bestea, nik anaia zenari sortua». Beraientzat esanguratsuak diren mezu eta doinuak sartu dituzte diskoan: «maitasunari, falta direnei, aiton amonei, gazte eta haurrei, gurasoei, Nafarroari eta Euskal Herriari» abesten diete eta «bakeari buruzko kantu bat, urte hauetan askotan abestu ditugun haur kantetako bat eta gabon kanta bat ere sartu ditugu».
Etxeko goxotasunean egin zuten grabaketa, «teknikoa gure etxera etorri zen eta zuzeneko bat balitz bezala grabatu genuen». Horrela eginda, «giro goxoan lan egin genuen eta akatsak egon arren, bere xarma duela uste dugu».
Diskoa salgai
Interesa duenak hamar euroren truke eskura dezake diskoa Leitzako Maimur liburu dendan edo beraiekin harremanetan jarrita.